Zubiaurre igeriketa klubak 30. urteurrena ospatuko du urriaren 22an

Erabiltzailearen aurpegia Zubiaurre Igeri Elkartea 2022ko urr. 4a, 16:16

Zubiaurre igeri elkarteak 30 urte beteko ditu aurten. Urtemuga berezi hau herriarekin jai giroan ospatu nahi du elkarteak, eta horretarako, egun osoko egitarau zabala prestatu dute urriaren 22rako.

Zubiaurre igeri elkartea herritik jaio zen, herriko familia batzuen borondatetik eta gogotik, eta egun ere herriko familiok osatzen dugu Zubiaurre. Ia berrehun familiatako seme-alabak dabiltza igeriketaren bueltan ikasten, lehiatzen, eta, batez ere, lagunartean gozatzen.

Gure nahia da herritik jasotzen duguna herritarrekin partekatuz ospatzea, eta hori horrela, plazara aterako gara, igeriketa kirolaz eta lehiaketaz haratago doala ulertzen dugulako eta ikuspegi zabalagoa eman nahi diogulako. Hona hemen urriaren 22rako antolatua duguna:

  • 09:30ean, Zubiaurreko talde nagusiak igeriketa saioa izango du, Azkoitian bertan.
  • 13:00etan igerilekutik abiatuta kalejira egingo dugu. Triki-poteoan guztiok elkartuko gara, eta herriko txokoak alaituko ditugu.
  • 14:30ean, herri bazkaria izango dugu Joseba jatetxean, eta bazkalostea Garazi eta Sala bikotearen emanaldiarekin girotuko dugu.
  • 16:00etan, ludotekako hezitzaileen eskutik, umeentzako jolasak izango dira herriko plazan.
  • Festa eguna giro ezin hobean bukatzeko, 20:00etan, The Potes taldearen kontzertua izango da Balda plazan.

Ospakizunean parte hartzera gonbidatu nahi ditugu herritar guztiak, eta dei berezi bat egin, nola ez, egun Zubiaurre osatzen dugun familiei zein lagunei eta 30 urte luze hauetan Zubiaurreko kide izan diren guztiei. Bazkarian parte hartzeko izena eman beharko da, honako lotura honetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide