Baiezkoaren alde garratza

Erabiltzailearen aurpegia Yolanda Larrañaga Arrieta 2024ko mar. 6a, 09:41

Yolanda Larrañagak otsaileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa: 'Baiezkoaren alde garratza'.

Ama naiz beste hainbat irakurleren antzera. Beso azpian paperik gabe iritsi ohi dira haurrak mundura. Gure etxe eta bizitzetara. Zerbait erostean argibide liburuxka bat bidali ohi digu saltzaileak, baina haur txikiak mundura ekartzean ez datorkigu argibide liburuxkarik edo antzekorik. Gehientsuenok, maitasun osoz ahalegintzen gara lan hori ahalik eta hobekien egiten.

Nire iritziz, eta nire iritzi apala besterik ez da, ez da batere erraza amaren edo aitaren paperean aritzea. Ez da erraza, noiz eman baiezkoa eta noiz ezezkoa haur txikiari. Batzuetan, zaila da guraso biak (bi badira, behintzat) ados jartzea baiezko eta ezezko horietan. Hala ere, bada barruan dabilkidan zerbait eta atera nahiko nukeena. Txiki-txikiak direnean, bai hitza edo baietza askotan eman ohi diegu umeei. Ezezkoa ulertuko ez dutelakoan, txikiegiak direlako ezezkoa jasotzeko, edota gogorregi ez egiteagatik beraien txikitasunean. Baina… ez ote gara bai horrekin luzaroegi joaten? Beharbada nire irudimena izango da soilik, baina badirudi gaurko umeek ez dutela ez hitzaren esanahia ezagutzen gugandik. Badirudi beldur garela gure seme-alabei "ez" esateko, edota baiezkotik ezezkora pasatzeko apeta ez dugula hartzen gaur egun.

Miraririk ezin egin pertsonen eta gizartearen balioak galtzear dauden gizarte ospel honetan, baina, beharbada, giza balioak berresku- ratzea gure esku egon daiteke. Baiezkoa eta ezezkoa elkarrekin ikasi beharra dugu agian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide