Barne galderak

Erabiltzailearen aurpegia Yolanda Larrañaga Arrieta 2023ko abe. 24a, 10:00

Yolanda Larrañagak azaroko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa: 'Barne galderak'.

Baliteke pixka bat arraroa izatea batzuentzat, baina aitortu beharra dut bakardade isilean aurkitzen naizen une lasai eta goxoetan, neure barnean sartu eta nirekiko galderak egiten hasi ohi naizela.

Erantzunik gabeko galderak dira askotan, eta erantzun desberdineko galdera berberak beste batzuetan. Seguruenik, nire aldartearen arabera aldatuko dira erantzunak.

Egun hauetan, hala ere, ehunka haur txiki jaioberri errugaberen begirada goibelek betetzen dituzte nire pentsamenduak eta amets gaiztoak. Ukraina, Errusia, Israel, Palestina edo antzeko lurraldeetako haurren irudiak ditut kendu ezinean nire buru eta bihotzean. Begiak malkoz betetzen zaizkit pentsatze hutsarekin horietako edozein lurraldeetan biziko banintz, nire seme edo alaba izan zitekeela eraila. Krudelki eraila, gainera. Gupida gabe kenduaz bizitzeko baimena. Ezin ulertu bizitza ezagutu ez duen haurtxo txiki errugabe horri nola kendu dakiokeen bizitza hain erraz eta bortizki. Nola kendu bizitzeko eskubidea jaio eta berehala? Heriotza horiek agintzen dituen edonork, egin ahal dezake lasaitasunez lo? Zer motatako animaliaz osatutako gizartea dugu?

Beraz, azken egunetan galdera asko darabilzkit jira eta bira nire barnean, baina ez dut erantzunik aurkitzen. Ulertezina, onartezina, jasanezina eta abar luze bat izan daitezke datozkidan erantzun bakarrak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide