Zoriontasuna

Erabiltzailearen aurpegia Yolanda Larrañaga Arrieta 2023ko abu. 9a, 08:00

Yolanda Larrañagak uztaileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: Zoriontasuna.

Haurtxo bat besterik ez nintzen amona baserriko ganbaran batera eta bestera aurkitu nuenean, urtarrileko arrats ilun eta triste hartan. Bera konturatu gabe, minutu luzez hari begira egon nintzen. Ganbara zahar hartan zeuden kaxa, armairu eta kaxoi guztiak irekitzen eta ixten zebilen zoro baten moduan, irri izpirik gabe, bekain zimurretan. Azkenean, egonezinaren eta jakin nahiaren ondorioz, zera galdetu nion: "Amona, zertan zabiltza? Zer galdu zaizu?". Begietara begiratu zidan goxo, eta horrela erantzun zidan: "Laztana, zoriontasunaren bila nabil. Gazte nintzenean edozein lekuetan aurkitzen nuen, eta orain, zahartzaroan, kaxa eta kaxoi guztiak irekita ere ezin dut aurkitu. Hemen nonbait ezkutatua egon behar du".

Pena eta zer pentsatu ikaragarria eman zidaten hitz goxo, goibel eta benetako haiek. Zergatik galdu zuen amonak zoriontasuna? Adina ote du zoriontasunak? Gu ote gara zaintzen ez dugunak? Zoriontsu izateko gero eta gauza gehiago behar ditugu, beharbada?

Badaezpada ere, amonarena ez dakigun guri gertatu, saia gaitezen zoriontasun uneak ondo gordetzen, ez kaxa batean, bihotzean baizik. Agian horrela, bihotza bizirik dugun bitartean, zoriontasuna ere bizirik izango da gugan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide