Zer egingo nuke zu gabe

Erabiltzailearen aurpegia Yolanda Larrañaga Arrieta 2023ko api. 24a, 17:25

Yolanda Larrañagak apirileko Maxixatzen aldizkariaren 'Errematea' atalerako idatzitako iritzi artikulua: 'Zer egingo nuke zu gabe'.

Ez dakit besteok, baina isilean eta bakardadean askotan pentsatu izan dudan esaldia da honako hau: zer egingo nuke zu gabe? Gehienok dugu inguruan edo urrutian pertsonatxo berezi hori. Egun tristeetan eta bakartietan zer moduz garen galdetzen digun edo galdetu gabe ere gertu sentitzen dugun hori. Ez gaituzte guztiek ulertzen, guk ere guztiak ulertzen ez ditugun bezala. Euskaldunok badugu hotz eta gogor fama, ondo merezia askotan, gainera, baina guztiok dugu gure barne goxo, samur eta sentibera bat; askotan erakutsi nahi ez dugun alderdi eder bat.

Ez gara laguntza eskatzeko zaleak, baina bihotzez laguntzen dugu lagun hurkoa eta bere eskerrak pozten digu bihotza. Poztu dezagun, bada, bihotza ahalik eta gehien, eta eskertu diezaiogun pertsona berezi horri. Eskertu beti hortxe dagoelako; gu entzuteko eta laztantzeko bere eginbeharrak uzten dituelako, gau hotzetan eta bakartietan babesa ematen digulako, gure malkoa irribarre bihurtu eta bizitzak merezi duela erakusten digulako. Badirudi ondo gaudenean ez dugula inoren laguntzarik behar, baina ez diezaiogun inoiz atea itxi gure aingerutxo horri. Askotan zaila da pertsona hori gure ondora ekartzea, eta erraza hark gure ondotik alde egitea. Zaindu ezazu zaintzen zaituen hori.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide