Bertsoa paperean

Helduen zaintza

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Aldalur Mujika 2021ko abe. 13a, 08:26

Xabi Aldalurrek azaroko Maxixatzen aldizkarirako egindako bertsoak: 'Helduen zaintza'.

Gaia: Helduen zaintza.

Bertsolaria: Xabi Aldalur.

Doinua: Zuek horrela ikusi eta

Zahartzen doazen pertsonen zaintza
ez al da kontu zaharra
Besteen menpe bizitze hori
delako triste samarra
Denbora ez da gauzetan soilik
igarotzen den bakarra
moteltzen baita azkarra
belaunak eta kaskarra
arina zena baldarra
Nahiz ta batzutan izan daitekeen
beti ez da hain earra
Garai batean zaindu zinduna
orain zuk zaindu beharra (bis).


Egunak joan eta etorri
badira kezka ugari
Haien gainean dabilen harek
nekea ohi du nabari
Egun luzeak izaten dira
hamabostetik hamabi
beti gertu bezain adi
euren denbora opari
eskerrik asko bat sari
Behar adina garrantziarik
ez zaio ematen lanari
Nere esker ona ta gorespena
laguntzen bizi denari (bis).

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide