Xabier Munibe Ikastolaren historiaz, Ikaskirolen sortzaileek kontatu zizkigutenak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Ikastola Xabier Munibe HLHI 2023ko api. 24a, 16:29
Ikaskirol kros baten artxiboko irudia.

Gaur, Xabier Munibe Ikastolako eskola kirolaren aitzindariek, Ikaskirolen sortzaileek, kontatutakoak dakarzkigu gogora. Kirola herrian bizi ohitura bilakatzeko lan handia egindakoak dira, baita lortu ere! 2020ko otsailaren 17an elkartu ginen Enrique Larrañagarekin, Maria Angeles Aranbarrirekin eta Miguel Barquerorekin. Hona hemen kontatu zizkigutenak:

"Maria Angeles eta Enrique: 70eko hamarkadan, Logroñon bizi ginen biok azkoitiarrak izan arren, Enrique futbolean aritzen baitzen Logroñon. Jada ume txikiak genituela (semea eta alaba), Azkoitira itzuli ginen, hemen genuen gure etxea. Herrian drogek ikaragarrizko indarra zutela ikusi genuen, eta ez zitzaigun batere gustatu. Gure umeentzat beste giro bat nahi genuen, eta hori aldatzeko ea zer egin genezakeen pentsatzen jarri ginen. 

Gazteengan kirol ohiturak zabaltzea aukera ona izan zitekeela pentsatu genuen. Kirolak indar gutxi zuen orduan herrian. Baziren futbolari, saskibaloi jokalari eta pilotari talde txiki batzuk, Xanti Uranga eta Jose Luis Lopek bazuten futbol taldetxoren bat, baina umeentzat ez zegoen ezer. 

Lanean hasi nahian, semeari galdetu genion lagunak izango zituela kirola egin nahi zutenak. Bere inguruko zortzi bat umeko taldearekin larunbat eta igande goizetan Jausoro auzoan elkartzen hasi ginen. Hango etxeetakoek kexak zituzten, zarata egiten genuela eta. Ez zegoen ez futbol zelairik ez ezer han, baina beroketak egin eta jertseak lurrean jarri eta ateak markatuz aritzen ginen futbolean. 

1978 urte inguruan, Loiolako ikastolan 10-15 umerekin hasi zen futbol entrenatzaile moduan Enrique, futboleko entrenatzaile titulua baitzuen. 

Xabier Munibe Ikastolaren eraikin berria eraiki zenean, berriz, batzordearekin hitz egin genuen, eta eskolan kirola txertatzea proposatu genuen. Eta hala hasi ginen eskolaz kanpokoan kirola eskaintzen ikastolako ikasleei. Taldeak asko handitu ziren denbora gutxian, hamar, hamabost, hogei, 30, 40 eta 70 laguneko kopuruetara iritsiz. Enrique mutilekin aritzen zen, eta Maria Angeles neskekin. Ez genuen futbolean zentratu nahi izan; kirolean denerako balio zuena irakasten hasi ginen: beroketak. Eredu izan ginen eskola kirolaren sorreran; izan ere, azpeitiarrak Azkoitira etortzen ziren nola lan egiten genuen ikustera. 

Ikasle taldeak asko handitu zirenez, begiraleak erakarri genituen. Horiek boluntarioak ziren: Miguel, Juan, Pedro… 

Maria Angeles, Enrique eta Miguel: Ikaskirol ofizialki 1982 urtean sortu zen. Urtebetean hogei begirale eta 70 ikasle izatera pasatu ginen. Familia bat osatzen genuen, oso giro ona genuen gure artean. Pentsa, Aralarrera elkarrekin joan ginen kanpin-dendarekin; Enrique eta Maria Angeles seme-alabekin eta beste begirale gazte guztiak ere bai, elkarrekin. Oroitzapen oso oso onak ditugu.  

Ikastolako patioan aritzen ginen, baita frontoian eta gimnasioan ere. Hasieran ez zegoen gimnasiorik eraikin berrian, antzoki bat zen gaur egun gimnasioa dena. Gure eskaerari esker prestatu zuten gimnasioa, eta jarri zituzten koltxonetak, eskailerak, soka, aulkiak, zaldia, horma-barrak… Gero zirkuituak egiten genituen han material horiek erabiliz. Kontutan izan orduan herrian ez zegoela ez kiroldegirik ezta gimnasiorik ere. 

Boluntarioak ziren begiraleek, lan egitearen truke, gimnasioa erabiltzeko aukera librea zuten. 17:30ean hasi eta 22:00etara arte askotan gelditzen ginen eskola kirolean eta ondoren gimnasioan. 

Kirol desberdin asko lantzen genituen, besteak beste, saskibaloia, eskubaloia, pilota, atletismoa, futbola, ping-ponga, boleibola, eskalada eta mendia. Asko lantzen genituen errespetua eta balioak. Elkar laguntzeko prestutasuna handia zen begiraleen eta ikasleen artean; talde, familia handi bat ginen. 

Ikasleen begiraleekiko eta berain arteko errespetua ere oso handia zen orduan, asko lantzen zen. Jarrera arazoak zituena kaleratua izaten zen; ez baduzu kirola egin eta errespetuz aritu nahi, etxera. 

Enriquek autoritate handia zuen, patioan bera zer egin agintzen eta 80 lagun (ikasle zein begirale) ilaran isilik, esandakoa egiten egoten ginen. Aurretik izaten zuten txisteetarako denbora, baina Enriquek 'bukatu da' esaten zuenean, bukatu egiten zen. 

Guztiek jolasten eta parte hartzen zuten, neska-mutil guztiek. Gurasoak ez ziren sartzen entrenatzailearen jokalari aldaketekin eta egiteko moduarekin. Jokalariekin jarrera desegokiak ez ziren ohikoak eta errespetua askoz handiagoa zen orduan. 

Behin patioa zaborrez beteta zegoela eta, Maria Angelesek umeei zabor poltsak eman eta beroketak egiteko patio osoa garbitzen jarri zituen. Argi utzi zien patioa zikina zegoen bakoitzean horixe egingo zutela. 

Patioan beroketak egiten ari ziren batean, neska bat barandaren beste aldetik begira-begira egoten zela konturatu ginen. Egun batean, txandala jantzita agertu zen, han zegoen entrenamenduak nola egiten genituen begira. Enriquek parte hartzera etorri nahi al zuen galdetu zion, eta han etorri zen korrika. Sorkunde zen, gerora Ikaskiroleko kidea eta begiralea izango zena. Sorkunde eta Maria Angelesek nesken taldea entrenatu genuen, Zarauzko hondartzako futbol partidetara ere joaten ginen jokatzera. 

Ikasleez gain, iluntzeetan herritik helduak ere etortzen ziren kirola egitera. Ikasleek ez zuten ordaintzen, baina helduek bai; 1.000 pezetako kuota zuten horiek. Diru hori Ikaskirolerako materiala erosteko erabiltzen zen. Eugeni auto-eskolakoa, Maritxu Aldalur autobusetakoa… han etortzen ziren kirola egitera. 

Larunbatetan, herriko pilotariak ere etortzen ziren beroketak egitera, gerri gogor haiek biguntzera. Besteak beste, Errasti eta Juan Mari Atano. Duela gutxi Atano XIII.ak, Juan Mari Atanok, oraindik ere gurekin ikasi zituen beroketa haiek egiten jarraitzen duela esan zigun. Herriko euskal dantzetako dantzariak ere berdin, gimnasia ariketak egiten hasi ziren haiek ere. 

Ikaskirol krosa ere guk sortu genuen. Maria Angelesek bi urte pasa zituen besteak konbentzitu nahian. eta azkenean lortu zuen. Lan asko eginez, badaramatza 30 urte baino gehiago krosak bizirik. Gogoratzen gara hastapenetan nola jarri genuen helmugaren pankarta zuhaitzetik zuhaitzera, zuhaitzera igota. Nola egin genituen eskuz 400-500 dortsal kartulina urdin argiarekin eta errotulagailuarekin, banan-banan. Sorkundek Coca-Cola enpresakoei deitu zien eta parte hartzaile bakoitzari opari bat ematea lortu zuen. 

Orduan zazpi kopa egoten ziren kategoria bakoitzeko lehen zazpi korrikalarientzat. Gero erabaki zen kategoriako hiru kopa eta guztiei domina banatzea. Tabernetan eta elkarteetan ibiltzen ginen garaikur edo diru eske. Iraurg Kirolak dendako Tomasek izaten zuen garaikurrak prestatzeko ardura. 

Miguel 27 urtez jarraian aritu zen Ikaskirol krosa antolatzen. Semearen bataio egunean ere, krosa prestatu ondoren joan zen elizara. 

Jose Luis Izpizuk ere lan asko egin zuen Ikaskirolen. Bere seme Mikelen-eta entrenatzailea izan zen, eta kroserako babesleak lortzeko ikaragarrizko esfortzua egiten zuen. 

Behin, orain Elkargunea dagoen lekuan zegoen futbol zelaian, futbol txapelketa bat ere jokatu genuen, eta besteak beste, Iribar eta Argote etorri ziren kopak banatzera. Floreagakoek, Xabier Munibe Ikastolakoek eta Altamirakoek, guztiek parte hartzen zuten. 

Miguel: Gaurko Ikaskirolen gauza asko aldatu dira nire ustez. Egungo begiraleak lehengoak baino gazteagoak dira. Hasierako urteetan, 18 urte baino gehiagokoak ziren begiraleak, helduak, gurasoak ere bai batzuetan. Hasieran beti material faltan ibiltzen ginen, baina gerora konpondu zen arazoa. Egun, lehen baino balio askoz gutxiago ematen zaio materialari. Lehen guztientzat hiru baloi zeuden, eta ez zen bat bera ere galtzen, hamar begirekin zaintzen genituen eta. Orain, Anaitasunan 41 ume ibiltzen dira 41 baloirekin, eta hiru edo lau baloi galdu egiten dira. Lehen, figura garrantzitsu bat zegoen ikasleek jarrera edo teknika arloan zerbait gaizki egin orduko zuzentzen ziena. Orain, autoritate eta errespetu figura hori falta da. Lehiakortasunari dagokionez, lehen konpetitiboa zena, hala da orain ere. Horretan ez nuke esango aldaketarik egon denik. 

Maria Angeles eta Enrique: Orain dela gutxi, Eroskin gizonezko batek gelditu gintuen Ikaskirolen eman genizkion urte eder haiengatik eskerrak emateko. Bere bizitzako urterik ederrenak izan omen ziren. Oraindik kirola egiten jarraitzen dugu, dantza egiten dugu, eta gustura gaude egin genuen guztiagatik".

 

2022ko martxoaren 2an hil zen Enrique Larrañaga. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide