Xabier Munibe Ikastolaren historiaz 'Maolito'-k kontatu zizkigunak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Ikastola Xabier Munibe HLHI 2023ko ots. 24a, 11:26
Manolo LarraƱaga 'Maolito'. (Andoni Elduaien)

2019ko azken hilabeteetan hasi zen Xabier Munibe Ikastola 50. urteurreneko festa prestatzen, pandemiak festa 2020. urtetik aurtengo urtera arte atzeratu duen arren. Ikastolaren historian esanguratsuak izan diren hainbat pertsonarekin bildu da ikastola, eta kontu ederrak ekarri dituzte horiek guztiek gogora. Maiatzeko festa iritsi bitartean, hemen partekatuko ditugu pertsona horiek orduan kontatutakoak. 

Gaur, Manolo Larrañaga Maolito, Xabier Munibe Ikastolaren sortze prozesuan lan handia egin zuen azkoitiarra, pertsona geldigaitz, konprometitu eta inplikatua, jakin-min handikoa. Hauek dira 2019ko azaroaren 25ean berak kontatu zizkigunak:

"1970 eta 1979 urte bitartean aritu nintzen Xabier Munibe Ikastolaren inguruan lanean. Ez nuen seme-alabarik, ikastolako ikasle izango zen ondorengorik, baina sorrera proiektuan buru belarri sartu nintzen. Euskara indartu eta bultzatu nahi nuen, euskaraz hitz egiteagatik isunak jartzen zizkiguten garaian. 

Raimundo Alberdiren laguna nintzen, bera izan zen ikastolaren sorreraren alma materra edo burua, eta berarekin nahiz beste hainbat kiderekin batera eskuz esku aritu nintzen talde lanean. Batzorde bat sortu genuen eta kantzelean elkartzen ginen guztiok. 

Dirua bildu beharra zegoen, ikastolaren proiektua garatu nahi bagenuen. Jendearengana zuzenean jo genuen diru eske, inguruan eta lagunartean eskatu genuen batez ere. Zozketak, taberna… Makina bat boleto eta oilasko erre saldu genituen. 

Behin auto bat zozketatu genuen, nik saldu nuen boletoa eta Raimundori tokatu zitzaion autoa, baina ez gaizki pentsatu, ez zen tongorik egon, herriko aguazilak atera zuen zenbakia!

Hasiera haietan, proiektua ekonomikoki defizitarioa zen, irakasleek ez zuten gizarte segurantzarik ere, militantzia lana zen, euskara maite zutelako ari ziren. Pixkanaka-pixkanaka proiektua forma hartuz joan zen, irakasleek gizarte segurantza izan zuten, ikasle gero eta gehiago zituzten eta proiektua gero eta handiagoa egin zen. 

Egin genuen lanak satisfazio handia ematen dit. 53-54 urte pasatu dira, eta gustura ikusten dut oraingo Xabier Munibe Ikastola. 

Geroztik, Iraurgi Abesbatzan, Azkoitiko Musika Bandan, danborradan, ekimen askotan parte hartutakoa naiz, baita Kakuteko gurutzea jartzen ere. 

Urte asko pasa ditut emaztea zaintzen ere, alzheimerra baitzuen. Gaur egun, zaharren egoitzan bizi naiz, eta Azkoitiko abizenen bilketa bat egiten ari naiz. Beti zerbaitetan".  

2023ko urtarrilaren 13an hil zen Maolito.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide