Bertsopaper lehiaketan parte hartzeko epea zabalik

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Ikastola Xabier Munibe HLHI 2015ko api. 21a, 11:04
Argazkia: Uztarria (2012)

XXIV. Xabier Munibe ikastolako bertsopaper lehiaketan parte hartzeko epea irekita dago jada, eta lanak entregatzeko azken eguna maiatzaren 15a izango da. DBH 1. eta 2. mailen arteko lehiaketa izango da alde batetik, eta DBH 3. eta 4. mailako ikasleena bestetik.  

 

Gutxienez lau bertso eta gehienez sei idatzi beharko dituzte ikasleek. Gaia zein neurriak libreak izango dira eta bertsoak berriak izan behar dute, hau da, inon aurkeztu gabeak. Parte-hartzaile bakoitzak bi bertso sorta ere bidal ditzake.

Bertso sorta horiek posta arruntez edota e-postaz bidali behar dira. Posta arruta erabiliz gero, bertsoak ezizenez sinatu behar dira. Egilearen izen-abizenak beste azal batean sartuko dira, kanpotik ezizena bakarrik jarrita. Datu horiez gain, zein atalekoa (A/B) den adierazi behar da. Lanen hiru kopia honako helbidera bidali behar dira: Azkoitiko ikastola Xabier Munibe, XXVI.Bertsopaper lehiaketa Estrada auzoa, 115 – 75. Postakutxatila, 20720 – AZKOITIA (GIPUZKOA). E-postaz bidaliz gero, bi dokumentu  bidali behar dira Word formatuan. Lehenengoan, bertso-sorta eta ezizena agertu beharko dira, eta bigarrenean, egilearen datuak. Hau guztia, xabiermunibebertsoak@gmail.com era bidali behar da, eta mezuaren izenburuan egilearen atala (A/B) eta ezizena adierazita.

Sariei dagokionez, bi mailetan saria berdina izango da. Lehenengoari 125 euro eta ikastolaren oroigarria emango zaio. Bigarrenari, aldiz, 100 euro eta Ikastolaren oroigarria. Hirugarrenak eta laugarrenak, 75 euro eta 50 euroko saria jasoko dute, besteak beste. Azkoitiko onenak ere izango du bere saria; 100 euro eta Ikastolaren oroigarria, hain zuzen.

Sari banaketa

Maiatzaren 28an eguerdiko 12:30ean, Baztartxo aretoan egingo den bertsolari jaialdian egingo da sari banaketa, eta bertan, euren lanak abestuko dituzte sarituek.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide