Hitz egitearen isiltasuna

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Etxaniz Ulazia 2021ko ots. 2a, 08:06

Xabi Etxanizek urtarrileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Hitz egitearen isiltasuna'.

Ezagutzen ez nauenak hitz gutxikoa, serioa eta pareko adjektiboekin deskribatzen nau normalean. Ezagutzen nauenak, aldiz, badaki hitzak josteko dudan abilezia nolakoa den, eta txiste txarrak kontatzean neuk egiten dudala barrerik gehien.

Irakasle lanetan nabil aspaldian, eta ikasgelan sartzen naizen bakoitzean hitza izan ohi da ikasleekin komunikatzeko erabiltzen dudan tresna nagusia. Baita beraiena ere. Batzuek, une oro, galderak egiten dituzte. Besteek albokoarekin xuxurlatzen pasatzen dute ordu osoa. Badago hitzezko inkontinentzia duenik ere, burura etorritako edozer (iragazki gabe, edozer) guztiontzat esaten duena.

Baina, esperientziak ere zerbaitetarako balio omen du, eta konturatu naiz isiltasuna zein garrantzitsua den. Bai hitz egiterakoan, baita beste esparru batzuetan ere.

Irakasle gisa, esaterako, ikasleek atentzioa jar dezaten, hitz egiteari utzi eta bi segundo isilik geratzea nahikoa da beraiek ere automatikoki isiltzeko.

Zinemara joan eta gerra film bat ikustean, bi armaden arteko borroka amaitzen denean, eta ezpaten talkak, oihuak eta soinu banda heroikoa isiltzen direneko momentu horrek ematen dit arnasa hartzeko eta lasaitzeko aukera.

Trikitixa soinean dudala, oholtza gainean hamaika botoi eta nota jotzean, zati batetik besterako trantsizioan ager daitekeen konpas huts horrek, isilune horrek, horretxek jartzen dizkit ileak latz. Badagoelako isilune horretara iristeko bide berezi bat. Agian, sentimendu gehien jartzen diozuna. Baita irteteko ere. Beharbada, indarrik gehienarekin hartzen duzun hasiera.

Garrantzitsuak iruditzen zaizkit hitzak. Baina baita isiltasuna ere. Isiltasuna pentsatzeko, isiltasuna arnasteko, isiltasuna zerbait amaitzeko edo isiltasuna zerbaiti hasiera emateko. Azkenean, monotoniari agur esateko modu bat litzateke.

Eta, nik uste, askotan gehiegi pentsatu gabe hitz egiten dugula. Arnastu gabe, ganorazko hasierarik eman gabe, eta amaitzeko astirik ia hartu gabe.

Sarri, hitz egiten baino askoz gauza gehiago esan daitezke hitzik egin gabe. Esan gabeko horrek askoz gehiago esaten baitu. Eta begiradak laguntzen badio, are gehiago.

Hitzekin bakarrik ez da hitz egiten. Begi, esku, keinu eta isiltasunarekin ere hitz egin dezakegu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide