Olentzero, aurten ez dut nahi

Erabiltzailearen aurpegia

Olentzero maitea:

Badakit agian gehiegi aurreratu naizela. Ez dela ohikoa urte hasieran zuri eskutitz bat idaztea. Are gutxiago duela egun batzuk gure etxetik pasatu eta opari pila zapata gainean utzi eta gero. Baina joan berri den urteak aho zabalik eta arduratuta utzi nau. Ez dut nahi datorrena berdina izan dadin.

Jakin dezazun, aurten ez dut nahi plastilinaz egindako panpinarik. Plastikozko moldeekin erraz egin daitezke nahi dituzun moduko pertsonaiak. Emakume gorputza egin diezaiokezu, azentu amerikarra duela imajinatu eta hortzetan garaipenaren dirdira marraztu. Gero, ordea, aurrekoari gizonezko gorputza jarri eta moldatzeko ore hori mordoa bota diezaiokezu buru gainera. Eta azken horri bai, benetako garaipena marraztu ahoan, plastilina zuriz egindako etxera sar dadin. Ez dut atsegin zerbait ezezkotzat eman eta gero sinistu beharra. Zer arraio! Ez dut nahi plastilinarik. Ez urdin, ez gorri, ez zuri. Moldatzeko oso erraza da, eta beldur naiz norbaitek harresiak eraikitzeko harrapatuko ote didan.

Ez dut nahi ur arriskutsuak alde batetik besteraino zeharkatzeko gai ez den itsasontzirik. Entzuna dut barnean doazen kapitain heroiak ezin direla euren altxorra dagoen lekuraino iritsi, bidean pirata gaiztoek eraso egiten dietelako edota itsasoak irensten dituelako.

Ez dut nahi muntatzeko inolako eraikinik. Ezta bertan sartzeko plastikozko txorimalo armadunik ere. Txorimalo armaduna baino lehenago sartu nituelako han hezur eta haragizko panpinak. Ongi pasatzeko, eurek nahi zutena egiteko. Askatasun osoz. Inori kalterik egin gabe. Bihozdunak ziren. Eta errugabeak.

Ez dut jostailuzko kamioirik nahi. Txorimalo gaizto horiek metrailak bezala erabiltzen dituzte. Ez da odol tanta bat gehiago jauziko nire jostailuz betetako gazteluan.

Ez ekarri gezurretako inolako supermerkaturik. Badakit magikoa zarela. Edozer egiteko gai zarela. Bihur itzazu plastikozko janariz betetako orgak benetako janari. Badira urrun joan gabe eskolan hamarretakoa egin ezin dutenak. Ekar iezaiezu haiei egunero basokada bat esne, jolas orduan hotzik pasa ez dezaten.

Ez dut nahi Paulek gelan negar gehiago egiterik. Ezta bera bezala eskolara inor gogorik gabe joaterik ere. Niri ez zait axola Pauli nor gustatzen zaion, ezta ikasketetan ondo dabilen edo ez ere. Eta, negar gehiago egin ez dezan, ekar iezaiozu sokadantzarako sokarik politena. Guztiak aho zabalik utziko ditu, eta inork ez dio iseka gehiago egingo. Bera da salto hirukoitza egiten dakien bakarra!

Ez dut nahi berdez jantzitako polizien gezurretako furgoirik ere. Arrazoirik gabe eta egoera nahiko arraroan ostu dizkidate nire logelako hartzak. Lorik egin ezinda nengoen gauetan segurtasuna ematen zidaten. Poliziek ez, Olentzero. Haiek ez naute babesten. Hartzek bai.

Ez dut nahi herensugeak printzesa jaten duen ipuinik. Ametsetako printzearen zain dagoen printzesa herensugeak jaten duen ipuin gehiegi irakurri ditut jada. Baita muxu emandako apoak herensuge bihurtzen direnak ere. Nahikoa da. Nazkatu naiz basoko bidean zapi gorria lepoan hartuta doan Txano Gorritxori otsoek behin eta berriz eraso egiteaz…

Eta, Olentzero, ez iezadazu utzi gezurrak idazteko besterik balio ez duten koaderno horietako bat oinetakoetan. Helduek askotan promesaz betetzen dituzte, beteko ez dituzten hitzez. Nik ez dut horrelakorik egin nahi.

Olentzero, ez. Aurten ez dut nahi horrelakorik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide