5G teknologiari buruz

Urola Aktibo taldeak eta Eguzki talde ekologistak 5G teknologiaren inguruan Maxixatzenera bidalitako gutuna da honakoa. Bertan, 5G teknologiak "eragin ditzakeen arriskuak" aipatu dituzte, eta Azkoitian ezarritako antenak "lehenbailehen kentzeko" eskatu diote udalari.

Herritarrok teknologia honi buruz ez dakigu gauza handirik. Zer den, nola funtzionatzen duen eta zer suposatzen duen… Eztabaida publikorik ez delako egon, hori ezartzeko milioi askoko inbertsio publikoa beharrezkoa izan arren.

Publizitate bidez onurak besterik ez dizkigute saltzen, baina arriskuei buruzko informazioa, zentsura bortitzaz isildua izaten ari da. Arriskuak ugari: zibersegurtasuna, osasunean dituen kalteak eta ingumenaren kalteak, nola ez.

Gai honi buruz kezkaturiko eta Urola bailarako herritarrez osatutako Urola Aktiboa taldeak, 2021eko martxoan informazio ugari helarazi ondoren, mozio bat eskatu zion Azkoitiko Udalari; informazio serioa, kontrastatua eta egiaztatua. Beraz, Azkoitiko Udalak jakin badaki zer ondorio bortitz jasan beharko ditugun herritarrok hori gelditu ezean.

Udala jakitun da 5G Egitasmo Nazionalak eta bere proiektu pilotuek ez dutela ingurumen ebaluazioari (IAE, EIA) buruz 21/2013 legean ezarritako prozedura bete, herriaren defendatzaileak 2019ko abuztuan emandako irizpenaren ondoren. Badaki 5G Egitasmo Nazionalak ez duela arreta printzipioa kontuan hartzen, eta izaki bizidunengan duen eraginari buruz azterketa zientifiko espezifikoak zein independenteak falta dituela.

Ingurumenari dagokionez, 5Gn oinarritutako teknologiak egungo teknologien oso gainetik dagoen energia kontsumoa areagotzea dakar berarekin, baita planetaren muga biofisikoak gaindituko dituen berotegi-efektuko gasen gehikuntza, metalen eta lur arraroen meatzaritzako estraktibismoa handitzea eta benetako birziklapenerako irtenbiderik gabe zabor elektronikoaren gorakada ere.

Nekazaritzako eta abeltzaintzako industria intentsiboa garatzeko bide gisa, egungo nekazaritza ereduari amaiera ematen dio, ekoizle txikiak eta ertainak baztertuz eta elikaduraren subiranotasuna erabat galduz, korporazio handiek datuen sarbidea kontrolatzeko.

Gizartean eta bizimoduan duen eraginari dagokionez, 5G zerbitzuaren eta teknologiaren inplementazio globalak, eten digitala, soziala eta generokoa areagotuko ditu, hiperkontsumismo teknologia bultzatuz eta adikzio portaerak sustatuz. Biztanleriaren kontrola eta pribatutasunaren erabateko galera areagotuko ditu.

Osasunean, berriz, milaka ikerketaren ondoren (Informe Bionitative 2012, Proyecto Reflex, Agencia Internacional de Investigación del Cancer, Instituto Ramazzini...), aurreikusten da kalteak bortitzak izango direla. Honako hauek, besteak beste: bihotz erritmoaren alterazioak, tentsio arterialaren aldaketa, gaixotasun kardiobaskularrak, metabolismoaren alterazioak, zelula amaren alterazioak. Eta minbiziak: haurren leuzemia, garuneko tumoreak, bularrekoak, testikuloetakoak, kolonekoa... Horrez gain, diabetesa, ADN arazoak, hormona alterazioak, erradikal askeen gehikuntza estres oxidatiboa, sistema immunearen eta tumorearen aurkako sistemaren alterazioak, ikaskuntzaren eta memoriaren defizita, narriadura kognitiboa... Eta ugalketa nahasmenduak: espermatozoideen funtzioaren eta kalitatearen alterazioak, kalte neurologikoak, autismoa, LDAH...

Azkoitiko Udalak jakin badaki, herrian zehar, erdigunean, gure etxeetako ateetan, 30 antena ezarri dituztela herritarrei ezer azaldu gabe, galdetu gabe, baimenik eskatu gabe. Zer gertatzen da Azkoitian? Inguruetako herriekin alderatuta, batzuk Azkoitia baino handiagoak izanik, antena kopurua ez da gerturatu ere egiten guk daukagunera: Zumarragan bost, Azpeitian bost, Elgoibarren bost, Zumaian hiru, Zarautzen hamar, Lasarte-Orian hamalau, Andoainen 24, Orion bi, Bergaran lau eta Arrasaten zortzi.

Azkoitiko Udalari mozioa eskatu, lau bilera egin eta udalak guk aurkeztutako mozioari egin zizkion aldaketekin ados ez geundenez, momentuz mozioa bertan behera uztea eskatu dugu; hala ere, adostasun batera iristea da gure nahia.

5G teknologiak osasun publikoan, ingurmenean, bizimoduan eta eskubideetan nahiz askatasunean eragin zuzena izango duenez, Urola Aktiboa taldeak eta Eguzki talde ekologistak, mozioaren inguruko adostasuna eta herriko erdigunean dauden antena guztiak lehenbailehen kentzea eskatu dio Azkoitiko Udalari. 

Urola Aktibo taldea eta Eguzki talde ekologista

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide