Haize errotak Oleta gainean, zergatik?

Erabiltzailearen aurpegia Urola Bizirik natur taldea 2022ko urt. 4a, 12:49
Oleta mendigunea.

Urola Bizirik natur taldeak Oleta gainean Green Capital Development 65 SLU enpresak jarri nahi dituen lau haize errotaren aurka egin du. Hainbat galdera luzatu dizkie natur taldeak herritarrei.

Ezinbestekoa da energiaren eredua aldatzea planetaren eta gizateriaren etorkizuna ziurtatzeko. Energia berriztagarriek hartu behar dute energia jasangarriak ez direnen lekua. Munduko herrialde eta erakunde gehienek aldaketa horren aldeko apustu garbia egin dute. Baina, energia "green" horien aldeko apustua zurrunbiloa ari da bihurtzen, eta haizeak energia garbia sortu beharrean, beste ondorio batzuk izateko arriskua dago.

Argi dago gure gertuko ingurunean aldaketak behar direla, eta horren haritik, proiektu ugari ari dira ugaltzen. Jakin berri dugu, Green Capital Development 65 SLU enpresak lau haize errotako industrialdea jarri nahi duela Oleta gainean: hiru aerosorgailu Zumarragan (Gipuzkoa) eta bat Azkoitian.

Hasteko, komeni da jakitea Green Capital enpresa Madrilgoa dela, eta bere administratzaileek edo izan direnek ehunka proiektutan parte hartzen dutela, estatu osoan zein atzerrian. Ez da gure herrian errotutakoa, eta ez da gure herriaren garapenari begira dagoen enpresa.

Hori argituta, bigarren galdera da zergatik proposatzen duen Oleta gaina. Galdera hori egitea ez da erraza gure herriaren begirada dugunontzat; eskala kontua da. Euskal Herria daukagu gogoan galdera hori egiterakoan; alegia, Tapia sailburuari galdetuko genioke: zergatik bai Oletan eta ez EAEko beste eremu batean? Tapiak, baina, ezin dio galdera enpresa horri bideratu, enpresa horrek ez baitu tokian-tokiko garapenari begira lan egiten. Negozioak bideragarri egiten dituen edozein leku da balekoa enpresa horientzat.

Azkoitiarron eta zumarragarron eginbeharra da gure ingurunea dugun bizitokia zaintzea. Beraz, gure administrazioei galdetzea dagokigu. Zergatik Oletan eta ez EAEko beste lekuren batean? Zehatzago esanda, zeren baitan erabakiko du Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Oleta EAEko beste edozein kokapen baino egokiagoa dela?

Kontuan hartuko al dira EAEko haize korronteen mapak kokapen hori beste kokapen bat baino egokiagoa dela argudiatzeko? Kontuan hartuko al dira azkoitiarren edo zumarragarren energia-beharrak kokapena justifikatzeko? Eremu horren erabilera eta atxikipen kulturalari begiratuko al zaio beste edozein kokapenetatik lehenesteko? Ondare naturalari eta bioaniztasunari egingo zaion kaltea alderatuko al da beste kokapenetan eragingo lukeenekin?

Bukatzeko: justifikatuko al da parke eolikoaren bidez, energia eolikotik energia elektrikoa ekoizteko instalazioa baimentzerakoan, jatorri fosileko zenbat energia eta zein jatorriko energia ordezkatuko den?

Galdera horiei erantzun ezean, ezin da hitz egin EAEn klima krisialdiak eragindako kalteen aurrean eman beharreko erantzun arduratsuez. Ekimen pribatuko azpiegitura erraldoi horiek izugarrizko kaltea eragiten dute natur ingurunean. Parkea egiteko, 180 metroko altuera hartuko duten errota erraldoi horiek egiteko, gutxienez 6 metro zabaleko pistak eskatzen dituzte kamioiak eta bestelako ibilgailuak aurrera eta atzera ibiltzeko. Errota horiekin sortutako energia, ondoren, sarera eraman behar da, eta horrek ere bestelako azpiegiturak eskatzen ditu.

Kalteak, baina, ez dira azpiegituren eraikuntza-fasean bukatzen. Eraiki ostean, pista horiek ez dira leheneratzen, eta mendian eragindako arrakalak betikotu egiten dira. Hegaztientzat eta saguzarrentzat, esaterako, arrisku bizia eragiten dute errota erraldoi horiek. Basoko gainerako bizidunentzat, parke horiek beren bizilekua apurtzen dute, beren ibilbideak aldatzen dituzte; guretzat ere ez dira samurrak. Bistarentzat ez ezik, belarrientzat ere mingarriak dira errota erraldoi horiek haize handia dabilen egunetan.

Administrazioarekin elkarlanean eskuratu nahi dituen dirulaguntzen barruan, kalte horiek guztiak ezin ditu justifikatu ekimen pribatuko enpresa batek. Gure lurretan horrelako zauriak eragiteak EAEko justifikazioak eskatzen ditu; trantsizio energetikoa ezin da egin enpresa pribatuek bilatzen dituzten aukeren barruan. Oleta gaina industrializatzeko, erantzun asko eman behar ditu administrazioak. Gure ikuspegitik, ezin da onartu halako erasorik gure mendietan.

Are gehiago, etxeko enpresa batek ekologiaren izenean gure udalerriko lurretan hondakin planta baten makroproiektua ezartzeko asmoa erakutsi zuen. Oraindik airean dagoen proiektu horrek argi erakutsi zigun "green" adjektiboa daramaten proiektuak ez daudela ikuspegi ekologikotik planteatuta, baizik kapitalaren ikuspegitik. Badakigu trantsizio energetikoaren bidean eredu ezberdinak daudela. Egungoarekin pairatzen ari garen egoera ikusita, ez al dugu ezer esateko hiritarrok etorkizunerako nahi dugun ereduaren inguruan?

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide