Ekainak 5, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna

Erabiltzailearen aurpegia Urola Bizirik natur taldea 2021ko eka. 5a, 17:50

Zientzilariek eta ekologistek aspaldi abisatu zuten gure planeta amildegi baterantz zihoala, baina badirudi duela gutxira arte ez garela arazoaren benetako neurriaz jabetu. 

Askok Lurraren deiari berehala erantzun bazioten ere, eta bere arloetan neurriak hartzen hasi baziren ere, erakunde eta enpresa ugari duela gutxi gehitu dira ekintzara. Eta okerrena da kasu batzuetan ez dela benetako kontzientzia bategatik izan, baizik eta itxurakeriagatik: ardura erakusten dute baina ez dituzte ekintza argiak hartzen. Horrelako zenbat ezagutzen ditugu? Egoera hori salatu nahian Larreko Mahaiak, Euskal Herriko eragile ezberdinen elkarteak, honako idatzia argitaratu du:

Zuriketa berdeak hiltzen gaitu

Ekainak 5, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna, mugimendu ekologistaren aldarriak kalean entzunarazteko urteroko galdu ezinezko hitzordua dugu. Larrialdi ekologikoaren gaineko kontzientzia gero eta hedatuago dago. Kontzientzia horri etekina atera eta jarduera ekozidak margo berdez estaltzen saiatzen direnak ere badira. Hori da greenwashinga, zuriketa berdea.

Adibidez, %100 material birziklagarriekin eginiko salgaiak, lehengaiak ustiatuz eta zaborra besterik ez sortuz; "ekologiko" etiketadun elikagaiak, pestizidarik gabe, baina salmenta puntutik milaka kilometrotara ekoitziak; Safe the Planet gisako mezuekin merkaturatzen direnak; erregai fosiletan oinarritzen diren transnazionalen logo berdeak…

Instituzioetatik berdin. Europako Parlamentuak 2019ko azarora arte ez zuen larrialdi klimatikorik zegoenik aitortu. Gainera, benetako adierazpena baino, propaganda izan zen gehiago. Izan ere, Europar Batasunaren trantsizio politikak mito batean oinarrituta daude: ekonomiak hazten jarrai dezake energia kontsumoa eta ingurumen inpaktuak murrizten diren bitartean.

Zentzu berean, krisi garaiotan Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak zerbitzu publikoak eta behar sozio-ekologikoak asetu eta trantsizio erreal bat burutu baino, AHTa, ubidearen handitzea, berriztagarria izango ez den hidrogenoaren korridorea, erraustegia, zentral eoliko onartezinak eta abar finantzatzeko Petronor, Iberdrola eta enparauentzat bideratu ditu europar funtsak, herritarrak zorpetu eta ama lurra kinka larrian jarriz.

Gipuzkoan klima larrialdia areagotzen duten arazo andana dugu, eta borondate politiko eskasa horiei heltzeko. Donostia eta landa eremuen arteko birziklapen desoreka onartezinak; turistifikazioa eta eremu babestuen artifizializazioa; erraustegia, metroa, eta orain surf-parka eta birziklapen sarituaren zentzugabekeriak. Gipuzkoako basoen desagerpena, eta horrekin lotutako bioaniztasunaren galera, eukaliptoen erabilera, itsas-erreken kutsatzea, naturaren gehiegizko ustiapena, zabortegien mafia…

Finean, planeta mugatu batean aberastasun pilaketa mugagabearen kontraesan publikoa da zuriketa berdea. Gipuzkoako talde ekologistok nazioarteko egun honen ospakizunean agintari politiko, erakunde eta enpresen itxurakeria eta zuriketa berdea salatzen ditugu.

Kontzientzia ekologista eta mobilizazioa nahitaezkoak dira kapitalismo berdeari erantzun eta larrialdi klimatikoaren aurrean alternatibak gauzatzeko. Trantsizio ekologiko eta sozial baten aldeko norabidea argiztatu dezagun tokian tokitik mundu osora. Ez gaitzatela engaina! Zuriketa berderik ez!

Sinatzaileak: Larreko Mahaia, Greenpeace, Eguzki, Errausketaren Aurkako Mugimendua, Gurasos, Fridays For Future, Extinction Rebelion, Satorralaia, Naturkon, Antikapitalistak Euskal Herria, Ekologistak Martxan Gipuzkoa, Landarlan Ingurumen Elkartea, ELA, LAB, Steilas.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide