Gutuna

Ama Lurraren Nazioarteko Eguna

Erabiltzailearen aurpegia Urola Bizirik natur taldea 2020ko api. 22a, 08:00

Urola Bizirik natur taldeak bidalitako gutuna: 'Ama Lurraren Nazioarteko Eguna'.

Gaur, apirilak 22, Ama Lurraren Nazioarteko Eguna da. Izendapen hori jaso zuen 2009an gaurko egunak Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorrean. Eta honela zion izendapenaren ebazpenak:

(...) "Lurra eta bertako ekosistemak gure etxea direla onartuta, eta egungo eta etorkizuneko belaunaldien behar ekonomiko, sozial eta ingurumenekoen arteko oreka justua lortzeko, naturarekiko eta Lurrarekiko harmonia sustatu behar dela sinetsita, Aitortuta, halaber, Ama Lurra esamolde komuna dela Lur planeta hainbat herrialde eta eskualdetan aipatzeko, eta horrek erakusten duela gizakien, gainerako espezie bizien eta guztiok bizi garen planetaren arteko elkarrekiko mendekotasuna" (...)

Testuak adierazten duen bezala, kultura askotan Lurra ama da, bere semeak garelako edo beragatik sortu garelako. Azken finean, Lurra izarretako hautsetik sortua da, eta gu ere hauts horren produktua gara. Ez al gaude bada guztiok loturik? Jatorri berdina dugu, elementu txikienetik handienera. Grekoek (Gaia), mesopotamiarrek (Inanna/Ishtar) edo inkek (Pachamama) horrela uste zuten. Baina guk aspaldi utzi genion horrela sinesteari. Azken 50 urteetan, gizakiok urrundu egin gara Lurrarengandik, gure amarengadik. Eten egin dugu berarekin genuen konexioa. Ikuspegi guztiz ekonomikoa, produktibista eta epe motzera bideratuta dagoena nagusitu da gure bizitzetan. Gizakia bere zilborrari begira bizi izan da, amarekin duen lotura ahaztuta, zilbor horretatik eman dionari jaramonik ere egin gabe.

COVID-19ak sortu duen egoera honekin, agian batzuk natura gehiago baloratzen ikasi dugu eta bere beharraz jabetu gara. Zaila ari zaigu egiten konfinamendua, bai. Oso zaila. Irten nahi dugu, kalea zapaldu, paseoa egin, mendira igo... Baina, gizakiok geure lau pareten artean hainbat egun daramazkigunean, ez al dugu ikusi natura bereak izan diren espazioak berreskuratzen ari dela? Ez al dugu etxeko leihoetatik zuhaitzen eta landareen piztuera nabaritu? Edota ilunabar zoragarriak ikusi? Edo hegazkinen arrastorik gabeko zeru benetan urdinak? Eta, ez al dugu naturaren soinuekin gozatu? Trumoiak, txoriak...?

India iparraldeko eskualde batean bizi diren biztanleek azken 30 urteetan poluzioak "estalitako" Himalaiako gailurrak bistan dituzte orain. Hori erakutsi digute azken egun hauetan komunikabideek. Tamalez, COVID-19ari esker.

COVID-19ak mundu mailan sortu duen zurrunbiloak ikuspegi berri bat ekarriko digu agian. Gizaki batzuk, planetaren iparraldean bizi garenok bereziki, gure aspektu materialak asetuta ditugula bizi gara, baina, zeren truke? Errealitatea orekatzeko, beste aspektu batzuk jarri ditu balantzan izurri honek.

Etorkizun "berdeago" bat dute buruan adituek. Beharra ikusten dute, ertzean baikaude, suizidio kolektibo baten atarian. Inozoak izango gara sortu zaigun aukera aprobetxatzen ez badugu. Birus mikroskopiko honek gure tokian jarri gaitu, mundua hankaz gora jarriz. Zer ez da gertatuko hemendik urte batzuetara, ez hainbeste, gure planeta guztiz hondatuta uzten dugunean? Zertarako balioko digu orduan etxetresna onena, kotxe garestiena edota etxebizitza handiena izateak?

Momentu hauetan ikuspegi zabalagoa behar dugu. Planeta ezin daiteke bakarrik lehengaien iturria edo zabortegia izan. Gehiago da: gure ama, gure etxea eta gure babesa da. Naturarekin eta gure planetan dagoen biodibertsitate guztiarekin, era harmoniotsuago batean bizi beharrean gaude. Bestela, zenbat iraun dezakegu espezie bezala hura errespetatu gabe?

Planeta bakarra dugulako. Ama bakarra dugulako. Zorionak Ama, zure egunean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide