Udalak Santa Klarako bizilagunekin adostu ditu bidegorriak eragingo dituen trafiko aldaketak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Udala 2015ko uzt. 24a, 16:37

Herritarren parte-hartzeari bide emanez, Azkoitiko udalak Santa Klarako bizilagunekin adostu ditu auzoaren eta Ugarte-Igarango igerilekuak lotuko dituen bidegorria jartzeak eragingo dituen trafiko aldaketak. 

 

Udala bertako bizilagunekin bildu da bidegorria jartzeak eragin ditzakeen eragozpenak tarteko. Izan ere, txirrinduei tokia egiteko derrigorrezkoa da hainbat kale norabide bakarreko bihurtzea estuegiak baitira.

Hau horrela, udal arduradunek auzoko bizilagunekin harreman zuzena izan dute pairatu ditzaketen ondorioengatik. Bi bilera izan dituzte. Lehenengoa bidegorriari buruzko xehetasunak emateko eta horrek eragingo lituzkeen trafiko aldaketak azaltzeko egin zen, bizilagunen iritzia ezagutzearekin eta haien iradokizun eta ekarpenak jasotzearekin batera.

Lehenengo bileraren balorazioa egin ostean, Udalak bigarren bat antolatu zuen. Bertan hiru proposamen aurkeztu zizkien auzokoei, gustukuen zuten planteamendua bozkatzeko aukera emanez.

Adostutako proposamenaren arabera, Klara Donea auzoko ondorengo kaleak norabide bakarrekoak bihurtuko dira:

Santa Klara kalea: 14 eta 28 zenbakien arteko tartea eta 39etik 55era artekoa (Azpeitirako norabidea)

Ubaiar auzunea: 1 eta 12 zenbakien arteko bide tartea (Azpeitirako norabidea)

Ubaiar auzunea: 13-22 23-36 etxebizitzen pareko bide tartea (Auzmendi bidea norabidean)

Santa Klara 55 eta Ubaier auzunea 13 lotzen dituen tartea (Atano Izarraitz auzoa norabidea)

Auzoko gainerako kale eta kale tarteak norabide bikoitzekoan izaten jarraituko dute orain bezala.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide