Zer da bortxaketaren kultura?

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Sostenipe Talde Feminista 2018ko urt. 27a, 09:38

Sostenipe Talde Feministak abenduko Maxixatzen aldizkariko Komunitatien leixue atalerako idatzitako artikulua da hau:

 

Zer da bortxaketaren kultura edo ‘cultura de la violación’ deitzen zaion hori? Gure gizartean eraso sexualak justifikatzeko eta toleratzeko dagoen joera kulturala, indarkeria maskulinoa normalizatzen duena. Biktima erruduntzat jotzen da, baina erasotzaileak babes soziala jasotzen du, eta haren ekintzak justifikatzen dira.

Joera kultural hau identifika dezakegu, esaterako:bortxatzailea babestea, eta ez bortxatua. Hau da, bortxaketa edo sexu eraso bat salatu duenari ez zaionean sinesten, edo jantzita zeramanari buruzko aipamenak egiten direnean, edo esaten denean atentzio beharra zuela, probokatzen ari zela, berak nahi izan zuela gertatu zitzaiona… Baita erasoa defendatu ez arren salaketa faltsuen inguruko aipamenekin erantzutea ere. Bortxatua izan dena errudun sentiaraztea eta bere egoera salatzeko gai ez izatea dakar horrek.

Ikuspegi hori entzun ohi diren esaldi askoren atzean dago: “neska hori probokatzen zebilen”, “berak nahi izan du”, “neska hori ez da fidatzekoa, eta gezurra izango da”, “neska hori mutil askorekin ibiltzen da”, “neska horrek bortxatu dutela esan du, baina sarketa egon da?”, “neska hori mutil horrekin bere borondatez joan da, eta, beraz, ez da posible bortxaketa izatea!”, “neska hori mutil horren atzetik zebilen, eta, beraz… “Neska hori, neska hori…”Eta mutila zer?

Mito faltsuek gure pentsaeran duten eragina:bortxaketen %80an, bortxatzailea inguru hurbileko norbait izan ohi da, hau da, biktimak ezagutzen duen norbait. Beraz, bortxatzailea normalean ez da gauez kaletik zoazela eraso egiten dizun pertsona ezezagun bat, ez da munstro ezezagun eta identifikagarri bat, baizik eta gizarte patriarkal batean jaio den eta dominazioaz nahiz botere harremanez baliatzen den norbait, pertsona “normala” itxura batean. Datu ofizialen arabera, salaketa faltsuak eta frogatu ezin izan diren salaketak %0,014 baino ez dira.

Hain normalizatuta daude sexuarekin erlazionaturiko dominazio jarrera maskulinoak eta sumisiorako joera femeninoak, non posible den bortxatzaileak berak ere ez ikustea egin duena bortxaketa moduan, edota biktima ez izatea gertatu zaionari izena jartzeko gai. Hori gertatzen bada, sexu gehiegikeriak normalizatutako gizarte batean bizi garelako da!

Gizartearen zati handi batentzat, mugak ez daude batere argi: non dago eraso sexual kontsideratzearen muga? Bada, muga EZETZ esaten den puntuan dago, edozein delarik ere puntu hori.

Baina ezetza ignoratzea normalizatuta dago. Ezetz esan eta jarraitzea normala al da? Ezetz esan eta insistitzea, xantaia emozionala egitea… Kondoia jartzeko eskatu eta erresistentzia jartzea normala al da?Etxerako bidean bakarrik goazela gizon ezezagun eta atzerritar batek eraso egiten ez digun bitartean dena normala al da?

Albistegietan ikusten ditugun bortxaketa eta eraso kasuak, urrun sentitzen ditugunak, gaitzestea erraza da. Gure inguruan gertatzen direnean zailtzen da kontua. Zaildu egiten da zure gaitzespena argi eta ozen adieraztea, zaildu hainbat jarrera onartezin identifikatzea. Zaila da gure inguruan bortxaketa eta erasoak gertatzen direla onartzea, baina jendarte matxista hau aldatu nahi badugu, eraso sexistak amaitu nahi baditugu, etxetik hasi behar dugu. Pertsonala dena politikoa da, eta hau iraultza bat da!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide