Elkarrekin bizi

Erabiltzailearen aurpegia Angel Rocha 2015ko uzt. 6a, 10:09

Ostegun gaua da, ekainaren 18a. Beste egun beltza Euskal Herriarentzat. Oraintxe jakin berri dugu, hainbat herriko taberna itxi egingo dituztela, eta pertsona batzuk kondenatuta daudela politikan aritzeagatik. Ez noa sakontzera, baina azaletik behintzat, oso gogorra eta krudela egiten zait egoera.

 

Udal hauteskundeen ondoren, eta Gure Esku Dagoren ekitaldiaren aurretik etorri da albistea; ez dakit kasualitatea den edo ez, baina oraingoan, neurtuta etorri da bereziki. Udal hauteskundeak igaro berri dira, eta galdera ikur asko argituta daude. Analisi asko egin da, eta ziurrenik, herritar askoren ahotan ibili diren zaborren eta meskitaren aferek zer esan handia izan dute. Egunerokoan ordea, ez gara hain sinpleak, eta beste faktore batzuk ere badaude batzuen alaitasunean, eta besteen porrotean.

   Aurrera begiratzeko unea da orain. Zer eskatzen dio gutako bakoitzak udal gobernu berriari? Non daude marrak? Ondorengo lerroetan neure lehentasunak azaltzen saiatuko naiz:

•Denontzako Azkoitia bat nahiko nuke. Ez ditut nahi lehen eta bigarren mailako herritarrak. Denok gara Azkoitiarrak, eta elkarrekin eratu behar dugu sarea; herria, Azkoitia... Arrazakeria eta xenofobia indartzen dituzten jarrerek ezin dute izan lekurik.

•Zaborren gaiari irtenbide normalizatu bat ematea komeni da. Helburu orokorrean zentratu (birziklatzea), eta sistema aldaketa nola bideratu marraztu behar da. Lorpen handiak ere badaude gai honetan, eta onerako diren heinean eutsi egin beharko litzaieke.

•Erabakitzeko eskubidearen alde herrian sortu den ilusioari bide ematea nahiko nuke, Jostunak dokumentalean behin eta berriz errepikatzen den bezala, eskubide demokratiko bat delako.

•Herri bizia izaten jarraitzeko erronka daukagu. Erakargarri eta lehiakor izan behar dugu alor guztietan, eta gazteen bizipoza indartu behar dugu. Handia da, esaterako, egun Azkoitian bizi den kale giroa.

•Krisi garaian bereziki, gehien behar dutenen ondoan egotea ere egokitzen da. Politika sozialak sustatzea eta baztertuta daudenak aintzat hartzea garrantzitsua litzateke.

•Baina batez ere, batasun sakona nahiko nuke;  anai-arreben; lehengusuen, lagunen, ama-semeen… besarkada sumatzen dut faltan. Barruraino sartzea izango da, baina euskaldunok badaukagu egoera natural eta beroak hozteko gaitasun moduko bat. Eta behingoz elkarrekin bizitzeko indarra eta kemena hartzen hasi beharko genuke. Gure ondorengoei ez diedalako opa nahi aurreiritzietan eta ika-miketan oinarritutako  mundua.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide