2018/01/26 Egun guztiko ekitaldia

Egun osoko egitaraua

Urola Kostan Errepresioaren Aurkako Eguna, urtarrilaren 26an

Urola Kostan Errepresioaren Aurkako Eguna, urtarrilaren 26an
Urola Kosta, Azkoitia

 

Altsasuko hiru gaztek 400 egunetik gora daramatzate Madrilen espetxeraturik 2016ko udazkenean taberna batean kalez jantzitako bi Guardia Zibilekin izandako liskar baten ondorioz. Terrorismo delituen akusaziopean aurkitzen dira 3 espetxeratuak eta Altsasuko beste 5 gazte, 50 eta 62 urte arteko espetxe zigor eskaerak dituztelarik. Euskal Herrian guardia zibilaren legitimazio estrategia baten baitan kokatu daiteke kasua, Ospa (Alde Hemendik!) mugimenduaren eta oro har herri mugimenduaren aurkako diskriminazio eta jardun errepresiboarekin batera. Epaiketaren zergatiak aztertzea dagokigu, Altsasuko gazteei elkartasuna eta babesa ematearekin batera.

Oreretako hiru gaztek 8 hilabete pasa berri dituzte Iruñeko espetxean kartzelaraturik, 2017ko martxoaren 11an Euskal Herrian azken urteetan herri mugimenduaren aurka jasotako errepresio kasuak salatzeko buruturiko manifestazio batean. Estatuaren jardun errepresiboak Iruñean bildutako manifestarien erantzuna izan zuen, arratsalde horretan izandako istiluen harira 11 gazte (horietatik 7 adingabekoak) 6 eta 12 urte bitarteko espetxe zigor eskaeren zain aurkitzen direlarik. Barbarie kapitalistaren aurkako jarduna inoiz ez da baztertua izango, gure betebeharra delarik 11 gazteei babes aktiboa igortzea.

Horiek eta Euskal Herriko militantzia politikoaren aurkako beste hainbat jazarpen kasu salatuko ditugu ostiralean Zestoan burutuko dugun errepresioaren aurkako egunean. Mobilizazioa, eztabaida politikoa eta festarako tartea izango du ostiraleko egitarauak.

Goizean, Euskal gazteriaren aurkako eta konkretuki Altsasuko 8en eta Iruñeko 11 gazteen aurkako kasu errepresiboak salatuko ditugu Eskualdeko ikastetxe ezberdinetan burutuko diren kontzentrazioetan.

Arratsaldean (18:00etan) hausnarketarako gunea zabalduko dugu Zestuko Gaztetxean. Bertan mahai- ingurua burutuko dugu Altsasuko Gaztetxeko eta Oreretako 4ak askatu! plataformako kideekin. Jazarpen kasu konkretu hauen nondik- norakoak azaltzearekin batera estatu Espainolaren eta bere indar armatuen lan politikoaren zantzu estrategikoak argitzen saiatuko gara ere.

Gauean, berriro Zestuko Gaztetxean, Rodeo, Verräter eta Argizulo Dub Station taldeen kontzertuak izango ditugu ikusgai. Kontzertuetan bildutako etekin ekonomikoa salatzen gabiltzan bi epaiketetako kideei laguntzera bideratuko da.

Muntai polizialak salatu eta hauen zergatien inguruan gogoetatzeko bildu gara eskualdeko hainbat gaztetxe zein gazte asanbladetako kideak. Gonbidatzen zaituztegu ostiralean errepresioa salatzea helburu duen egun honetan parte- hartzera, eta batik- bat, jazarpen polizialaren aurkako salaketa orokorra burutzera.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide