Produktu ekologikoak oinarrian, Oreka bioelkartean

Erabiltzailearen aurpegia Oreka Bioelkartea 2019ko mai. 12a, 11:00

Duela hamalau urte egin genituen lehendabiziko urratsak elkartearen sorreran, produktu ekologikoen salmenta bultzatu nahian. Oreka Bioelkartea herriko azoka plazan dago eta ekoizle zein kontsumitzaileek osatzen dute. Garaian garaiko produktuen salmenta bultzatzea du helburu, herriko zein bailarako ekoizleen uztei lehentasuna emanez. Horretaz gain, bidezko merkataritzako hainbat produktu ere eskuragarri daude bertan.

Oreka Bioelkartearen zeregina bi ataletan bereizten da: batetik, eguneroko zerbitzua ematen duen denda daukagu, eta, bestetik, urte osoan hainbat kultur ekintza antolatzen ditugu.

Dendari dagokionez, produktu ekologikoekin lanean hasi zen inguruko lehendabiziko elkartea izan zen, eta, hasieratik, kontsumitzaileei produktuak eskuratzeko erraztasunak emateaz gain, Orekaren pentsamoldea eta ikuspegia zabaltzea izan du helburu. Nahiz eta hasieran produktu gutxirekin abiatu gure bidean, denbora aurrera joan ahala geroz eta produktu gehiagorekin lan egiteko aukera izan dugu, eta, horrela, kontsumitzaileei aukera zabalagoa eta denetarikoa eskaini ahal izan diegu. Orekan, salmentara bideratutako produktu guztiek, ekoizpena bermatu ahal izateko, zigilu ekologikoa daramate, eta euren jatorriaren nondik norakoaren berri ere eman ohi dute. Hau da, garai bateko erosketa estiloa bultzatu nahi da, kontsumitzaileari produktua ezagutzeko aukera emanez. Bertara etortzen diren eta interesa duten guztiei zabalik dago denda. Horrez gain, Oreka Bioelkartearen zutabeetako bat bertako bazkideak dira: erosketetan, deskontuen abantailak aprobetxatzeko aukera dute.

Kultur ekintzen arloari helduz, produktu ekologikoen erabileraren onurak ezagutaraztea eta osasunaren eta elikaduraren arteko erlazioaren kontzientziazioa lantzea helburu hartuta, hainbat ekintza antolatzen ditugu urte osoan: besteak beste, sukaldaritzako hainbat ikastaro, osasuna eta elikadura uztartzen dituzten hitzaldiak, baratzeen zainketari zein landare edo zuhaitzei buruzko informazioa ematen duten hitzaldiak, dendan aurki daitezkeen hainbat produkturen elaborazioa eta jatorria ikusarazten duten irteerak, sendabelarren eta produktu kosmetikoen ikastaroa...

Oreka, ekoizpen ekologikoaren gunea.

Orekan denetariko produktuak aurki daiztezke.

Orekak antolatutako hitzaldian, Kultur Etxea beteta.

Apirileko Maxixatzen aldizkariko Komunitatin leixue atalerako Orekak idatzitako artikulua.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide