Zaindu maite duzun hori

Erabiltzailearen aurpegia Olatx Aranguren Juaristi 2019ko abu. 24a, 12:16

Olatx Arangurenek abuztuko Maxixatzen aldizkarirako egindako iritzi artikulua: 'Zaindu maite duzun hori'. Irakurri:

Ilobengana gerturatu nintzenean, hegoan min hartutako txori bat zebilkidan esku artean. Parkean lurrean zeuden hostoak batu eta ohetxo baten antzerakoa egina zioten, hostoekin egindako estalki eta guzti; halaxe goxo, kezkaz, sendatzerik lortuko al zuten zalantzati. Beraien lagun batek eramatekoa zuela gauean etxera, hurrengoa beraienean pasatuko zuela esan zidaten. Ez dakit zer gertatu zen txoriarekin, baina inguratzen gaituena, edertasuna zaintzeko dugun bulkada nabaritu nien. Ederra egin zitzaidan.

Ez dakit noiz eta zeren ondorioz galtzen dugun zaintzeko berezko bulkada hori, ez dakit berezkoa den ere. Inoiz baino adineko gehiago dagoen gizartean bizi gara, baina adinekoak eder zaizkigu, edo ez ote gero eta astunagoa zaigun zama? Adinekoekin batera, halako menpekotasunen bat dutenek ere antzerako dileman jartzen gaituzte. Kalean agurtzeko, denboratxo bat egoteko kontzientzia aringarri izan daitezke, zer esanik ez kristautasunaren balioak hain indarrean dirauten gurea bezalako herrietan.

Benetako zaintza ez da erraza: zenbaitetan, zure bizitza alde batera utzi eta ondokoaren beharrak asetzea eskatzen du, ordainetan zaintzen duzunaren esker ona baino jaso gabe (batzuetan hori ere ez). Egokitu zait oso maite izan ditudanak zaintzea, haserrealdi eta pozaldiekin, maitasunarekin, goxotasunarekin, sentimenduak adierazteko dugun analfabetismo heredatuaz jabetuz, aurrera egin nahian. Bizitakoa sakona da, muturrekoa. Baina gizarte bezala ez dugu errealitate hori ikusi nahi, ahal den bitartean behintzat. Errazagoa da beste aldera begiratu eta bizitzaz gozatzen saiatzea, zaintza lanak bazterreko egoeretan daudenen edo egoitzen esku utziz.

Zaintzak badu bere ederra. Aberastu ere egiten gaitu. Ordura arte autoritatez, urrun, intimitatearen zaindari ezagutu ditugunak hurbiltzen dizkigu, hauskor, ume izaera samurra berreskuratuz, zenbaitetan behintzat; gozatu, jolas egiteko aukera baliatuz, bizitzaren hondarrean bada ere. Zaila zaigu zainduak izatearen beharra onartzea, nahiago temati ongi gaudela, inor ez dugula behar esan eta aurrera egiten saiatu, tupust egin arte. Ez gara errazak.

Kontrolarekin ere nahasten dugu zaintza. Beldurra ematen digu ezinbestekoak ez garela edo besteak nahi duena ez dela guk nahi duguna onartzeak; sarri besteak behar gaitzaten behar dugu geure burua estimatu ahal izateko. Baina hori norbere burua zaintzea da azkenean, edo beharbada hori ere ez.

Zaintza lanak hari mutur horiek guztiak eta gehiago ditu. Hala ere, badira bizitzaren jolasean asmatzen dutenak. Badira beste herrietatik etorri eta udara oro gure ondarea lurpetik ateratzeko, zaintzeko lana baldintza ez oso duinetan egiten dutenak. Badira gau eta egun buru-belarri maite duten hori zaintzen daudenak. Badira zaintza lanak egiten urteak igaro ondoren geratu zaien hutsune erraldoiaren lagun egin nahian dabiltzanak. Badira.

Aurten guztiok zaintzen gintuen norbait faltatuko zaigu andramaixetan. Ez dugu siestarako beso eskerik izango; tiropitxoiak, txurroek… ez dute xarma bera izango. Festetarako irrikaz, zapi urdina lepoan eta txanpain kopa eskuetan, keinuka irudikatu nahi dut, gugandik ez oso urrun.

Zaindu maite duzun hori. Baina, bidean, ez ahaztu norbera zaintzeak egiten gaituela besteentzat lagungarri.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide