Lau hankako fideltasuna

Erabiltzailearen aurpegia Nagore Silvan 2015ko abu. 13a, 10:19

Udako gauak sorpresa ugari ekar ditzake. Gau hartan bidelagun batek istripua izan zuen. Kasuak kasu, txakurra omen da gizakiaren lagunik onena. Batzuentzat ulertezina da sortzen den lotura estu hori. Excalibur hilarazi zutenek ere, ez zuten ulertzen sare sozialetan sortutako ika-mika hori guztia. 

Udako gau bero hartan hortxe zegoen, etzanda. Arnasa leun, begirada galdua, mugitu ezinik. Istant batean jendea hurbildu zen. Ahots batek lasaitzen zuen bitartean, giza esku batek laztantzen zuen. Hurrengo minutuetan, betidanik bizi izan duen moduan, gizakia izango du ondoan bidelagun. Denbora aurrera doa, ez du ulertzen zer gertatu den, baina hortxe du esku ezezagun hori lasaitzen, ondoan, ez du bakarrik utziko.

Lurrean etzanda, lau hankako laguna heriotzari aurre egin nahian dabil. Gizakia betidanik alboan, gaur ere han dago. Bakardadea zer den ez daki. Une horietan ere gizakiaren berotasuna, hurbiltasuna, maitasuna sentitu ditzake.

Gerturatu direnak hunkituta daude, gaua aurrera doa, berak etzanda jarraitzen du. Korrika irten nahiko luke, seguru baietz, baina ezin. Laguntza badator: aio eskua, eskerrak nire ondoan egon zaren. Oraingo honetan heriotzari irabazten laga beharko dio.

Pertsona animaliaren aurretik jarri behar zela argudiatzen zuten, eta nork kontrakoa esan? Baina polemika horren azpian ez dago gizakia animaliaren aurretik doan edo ez, lehentasuna zeinek daukan, baizik eta Excalibur hil zutenek bide errazena hartu zuten, bihurgunerik gabekoa, larrialdi-egoera batean geundela eta jendearen  beldurraz aprobetxatuz. Agian beste aukerarik ez zegoen, baina sare sozialetan ziotena zen beste aukerarik ez zela aurreikusi ere egin. Excalibur ere bazen familia, gizaki batzuen bidelagun fidela zen. Bere jabeen zain zegoen, ez zuen udako gau horretan lurrean etzanda zegoen txakurraren zorte berdina eduki. Gizakia eduki zuen ondoan.

Nola miresten dugun fideltasuna, ezta? Lau hankakoek ondo baino hobeto dakite zer den. Jabea ez dute inoiz bakarrik utziko; ondoan, salbu mantenduko dute. Gizakion artean, aldiz, gure ezaugarria dugun arren, modan ez dagoenez, gutxitan erabiltzen dugu. Beti bilatuko ditugu kanpoko faktoreak fideltasunari uko egiteko, “Besteen” errua izango da, ez dugu erantzukizunik. Fideltasun-nolakotasuna dugun bezala ardura eta koherentzia falta gero eta nabariagoak dira. Horrexegatik, egunero, lau hankakoek gauza guztien gainetik FIDELA izatea zer den erakusten digute. 

Udako gaua, gau iluna oso bere jabearentzat, ahaztezina. Besarkada eta malkoen gaua joandako lagun fidelaren omenez.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide