150 urte bete ditu Azkoitiko Musika Bandak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Musika Banda 2018ko abe. 15a, 10:31
Azkoitiko Musika Bandako kideak, liburutegiaren parean.

Azkoitiko Musika Bandak ibilbide eta historia luzea du. 1868an sortu zen, eta, nahiz eta orduandik aldaketa asko egon, gure musika bandak gogor dirau lanean.

Gaur egun, Carlos Muñozen zuzendaritzapean aritzen gara, eta 40 bat lagunek osatzen dugu taldea. Adin askotako kideak gaude, eta berri ona da guztiontzat azkenaldian gazte asko elkartu direla bandara, horrek aire freskoa ekartzen baitigu.

Hala ere, badira bizitza osoa bandako partaide izan direnak ere. Ohorea da guretzat Juan Ramirez eta Teodoro Ruiz hainbeste urtean bertan izatea, biek daramatzatelako jada 50 urte pasa herriari musika ematen. Hain justu, Santa Zeziliako ospakizuna aprobetxatuz, Teodorori azaroan egin genion omenaldia, ondo merezitako urrezko intsignia emanez.

Bandaren ekiteko modua aldatzen joan da, baita egiten dugun musika ere. Horren adibide garbia da azken urteotan udaberrian Plaza Berrin egiten dugun kontzertua. Bertan, herriko musika banda batentzat ohikoak ez diren abestiak jotzen ditugu (popa, rocka, elektronikoa...), herriko beste talde eta kide batzuen elkarlanarekin. Esan genezake arrakasta handia hartu duela ekitaldi horrek, era eta adin guztietako jendea etortzen baita. Horregatik da, agian, bandakideoi ere gehien gustatzen zaiguna.

Horrez gain, urtean zehar hainbat modutan parte hartzen dugu: kalejiretan, ospakizun erlijiosoetan, danborradetan, herriko kirol taldeei harrera eginez... Baina, batez ere, kontzertuak emanez. Guretzat oso aberasgarria izaten da ekitaldi horietako askotan Bizkargi Musika Eskolarekin, Txalkor Txistulari Taldearekin edota herriko abesbatzarekin eta dantzariekin lan egitea; izan ere, horrek erakargarriago egiten ditu emanaldiak.

Ekitaldi ia guztiak Azkoitian bertan izaten dira. Noizbehinka, ordea, inguruko herrietara ere joaten gara; esaterako, aurten Getariako Musika Bandak egin digu bisita, eta kalejira eta kontzertu batekin alaitu ziguten herria. Gainera, gutako batzuek haiekin jarduteko aukera ere izan genuen, bi musika bandek bat eginez eta harremanak sendotuz. Horren truke moduan, hurrengo urtean Azkoitiko Musika Bandak kontzertu bat joko du Getariako parrokian.

Azkoitira itzuliz, bi kontzertu emango ditugu urte bukaerara bitartean: lehena abenduaren 24an, gabon kantak joz Iraurgi Abesbatzarekin batera, eta bigarrena abenduaren 31n, urtean zehar jotako kanturik onenak aurkeztuz. Biak Kontzejupean izango dira.

Bukatzeko, Maxixatzenek eman digun aukera hau aprobetxatu nahiko genuke herritarrak musika tresnak ikastera eta etorkizunean bandako kide izatera animatzeko. Bitartean, jarraitu gure ekitaldietara etortzen eta musikaz gozatzen, hori baita gure helburua.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide