Adriana Teles: "Atentzio handiena klase desberdintasun nabaririk ez egoteak eman zidan"

Erabiltzailearen aurpegia Maite Rodriguez 2016ko aza. 24a, 16:38
Adriana Teles, Azkoitian bizi den brasildarra.

Adriana Teles brasildarra 2014ko abuztuaren 22an etorri zen Azkoitira Ilheusetik. Ilheus udalerria Brasil ekialdean dago, eta ezaguna da hango kakao produkzioagatik zein turismoagatik.

 

Zerk bultzatu zintuen zure herrialdea utzi eta Azkoitira etortzera?

Ez nuen inoiz pentsatuko hemen biziko nintzenik. Brasilen mutil azkoitiar bat ezagutu nuen, eta, lau urtez harekin bertan bizi ostean, bizimodua Azkoitian hastea erabaki genuen. Hori izan zen ni azkenean Azkoitira etortzeko arrazoia.

Ilheusen eta Azkoitiaren arteko desberdintasun nabarienak?

Desberdintasunak milaka dira; kontuan hartu behar da Ilheusek 210.000 biztanle dituela. Hala eta guztiz, atentzio handiena klase desberdintasun nabaririk ez egoteak eman zidan. Egon badaude, baina ez dira nire herrialdean bezain nabariak. Hemen mediku bat, kale garbitzaile bat edota zerbitzari bat etxepe berean bizi ahal dira, eta kaleak edo auzoak ez daude klase sozialen arabera banatuta. Beste desberdintasun esanguratsua hezkuntza eta osasun arloan ikusi dut: Ilheusen, kalitatezko hezkuntza eta osasuna jaso ahal izateko, eremu pribatura jo behar duzu, eta horrek kostu ekonomiko handia dakar; hemen, berriz, arlo horiek oso garatuak daude.

Azkoitiarrek zer-nolako harrera egin dizute?

Lehenago ere egona nintzen hemen oporretan, baina ez da gauza bera oporrak igarotzera etortzea edo bizitzera etortzea. Azken batean, ez duzu inor ezagutzen, eta horrek nolabaiteko beldurrak sortzen dizkizu. Segituan, ordea, azkoitiar bat gehiago nintzela ohartu nintzen, eta jendeak asko lagundu izan dit lehenengo momentutik, hizkuntzaren aldetik batik bat. Izan ere, nik ez nekien euskaraz, gazteleraz zertxobait soilik, eta, horregatik, askotan zaila egiten zitzaidan komunikatzea, baina inguruan eduki ditudan pertsonek asko lagundu izan didate arlo guztietan. Hasieran gogorra egin zitzaidan, baina sekulako esperientzia izan da.

Eta euskara zer moduz daramazu?

Ikasteko intentzioa dut, hemen ezinbestekoa baita eguneroko bizimodurako: kalean, lanean eta beste hainbat arlotan euskaraz jakin behar dugula iruditzen zait. Pixkanaka-pixkanaka ikasiko dut.

Tokirik kuttunena?

Eremu berdeak atsegin ditut. Agian, neure herrialdean horrenbeste ez daudelako izango da. Mendiak eraiki gabe egotea gustuko dut. Ilheusen guztia eraikita dago, eta hemen natura asko zaintzen dela iruditzen zait: mendira begiratu, eta guztia garbi ikusten da.

Azkoitian gelditzeko asmoarekin etorri zara?

Etorri nintzen momentutik nekien gelditzeko etorri nintzela. Nahiz eta familia guztia Brasilen izan, nik bizimodua hemen eraikitzea erabaki dut. Jada hemengo bat naiz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide