Embarca Belkher: "Euskaldunek bereziki sinpatia handia dute Sahararekin

Erabiltzailearen aurpegia Maite Rodriguez 2016ko abu. 4a, 10:00

Embarca Belkher, Mendebaldeko Saharakoa jatorriz, Azkoitian bizi da 2013. urteaz geroztik.

 

Zein da Sahararen egungo egoera?

Nazioarteko legediaren arabera, Sahara herrialde autonomo bat da, baina oraindik ere kolonizatuta dago. Mendebaldeko Sahara Marokoko okupazio militarpean dagoen lurraldea da. Espainiak Sahararen kolonia utzi orduko, 1974. urtean, Marokok eta Mauritaniak Mendebaldeko Saharako lurrak inbaditu zituzten, eta hango herritarrok Algeriako basamortuetan babestu ginen. Handik urtebetera hasi zen gerra, eta 1991. urtean su-etena eman zuten. Hala eta guztiz ere, Marokok ez ditu Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak betetzen, eta, bien bitartean, Mendebaldeko Saharan, Marokoko Gobernuak jendea atxilotu eta torturatzen du, eta bestelako tratu txarrak eman.

40 urte pasatu dira jada, eta oraindik konponbidearen zain gaude. Sahararren giza eskubideen aurkako urraketen arazo nagusietakoa bertako baliabide naturalak lapurtzea izan da. Hain zuzen ere, okupazioaren hasiera-hasieratik, Marokoko politika iraunkorrak helburu hori izan du, eta arrazoi horrek eraman du Sahara krisi egoerara.

Bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea du, baina hori ez da errespetatzen. Sahara herrialdea, orain bertan, erdibituta dago: bi heren Marokok okupatzen ditu, leku aberatsenak noski, eta heren bati, basamortuan gelditzen denari, Sahara liberatua esaten diogu. Errefuxiatuen kanpamentuak Algeriako basamortuan daude. Horregatik, Fronte Polisariokoek Sahara herriaren independentzia eskatzen dute: beren lurren okupazioa amai dadila.

Zergatik alde egin zenuen?

Marokoko inbasioak Algeriako basamortuetara desplazatzera behartu gintuen, errefuxiatuen kanpamentuetara. Hango egoera ez da batere xamurra, prekarietatea soilik aurki baitaiteke.

Noiz iritsi zinen Euskal Herrira?

Azkoitira 2013. urtean etorri nintzen. Dena dela, urteak daramatzat hara eta hona; sahararrak jatorriz nomadak izan gara. Lehenengo aldiz Saharatik atera nintzenean Kubara joan nintzen; izan ere, Kubako Gobernuak beka batzuk eskaintzen zizkigun saharar komunitatekooi, han prestakuntza integrala jasotzeko. Beka horiek bi helburu zituzten: alde batetik, sahararrek prestakuntza akademiko duin bat jaso ahal izatea eta, bestetik, gure egoera munduari helaraztea. Beraz, irakasle ikasketak burutu nituenean Saharara itzuli nintzen, errefuxiatuen kanpamentuetan irakasle lanetan jardutera. Urte batzuk geroago, lan eskaintza baten bidez, Kanaria uharteetara joan nintzen; han bi urte igaro nituen, eta Sevillan beste bi. 2012an Euskal Herrira iritsi nintzen, Oriora. Han bizi nintzela Azkoitian alokairu duin bat aurkitu, eta arrazoi horrexegatik etorri nintzen. Esan behar dut hemen oso gustura sentitzen naizela.

Irakasle lanean jardun dezakezu?

Irakasle ikasketak dauzkat, baina titulua homologatzea ez da batere erreza. Hori dela eta, etxeko langilea naiz. Paper batzuk eskuratuak baditut ere, titulua homologatzeko oztopo ugari daude.

Euskaldunok Saharako komunitatearekin sentsibilizatuak al gaude?

Euskaldunek bereziki sinpatia handia dute Sahararekin. Hemengo egoera dela eta, Saharako gatazka politikoa beste zenbaitek baino askoz ere hobeto ulertzen dute. Bi herrialde hauek, nahiz eta oso desberdinak izan, identitate, kultura, hizkuntza eta sustrai propioak dituzte. Babestuak sentitzen gara; gainera, Euskal Herrian badira Sahara herri librearen aldeko zenbait asoziazio. Azkoitian horixe bota izan dut faltan: ez dagoela Sahara herriaren aldeko mugimendurik. Beraz, elkarrizketa honekin, aprobetxatu nahi dut azkoitiarrei dei egiteko gure herriaren aldeko elkarteetan parte har dezaten, gure txikitik asko egin baitezakegu.

Hizkuntzari dagokionez, euskaraz aritzen al zara?

Hitz solteak soilik dakizkit: agurrak, zenbakiak... Eta ezer gehiagorik ez. Saharan, lehen hizkuntza ofiziala arabiera da, eta bigarrena gaztelania, eta horrek abantaila asko eman dizkigu, aurrez gaztelania jakinda baikatoz. Hala eta guztiz, hassania dialektoa da geurea, eta kalean hori erabiltzen dugu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide