Liburuak oparitzearen artea

Maite Lopez Las Herasek urtarrileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Liburuak oparitzearen artea'.

Oparien urte-sasoi betean, erregalatu al duzu edo oparitu al dizu norbaitek libururik? Hemen, bi atal bereiziko ditugu: igorleari dagokiona, bata, eta hartzaileari, bestea. Baina, lehenbizi, testuingurua definitzea izango da egokiena. Bada, derrigorrean dirua gastatu beharreko kristau atze-oihala duten ospakuntza paganizatuotan, doitasun zorrotzez pentsatu behar izan ohi dugu gure dirua (bakoitzak berea, noski) non eta nola xahutu.

Iragarkiek piztuko ez omen diren argiek baino argiago josten dizkigute begiak hilabete luzez jostailu, lurrin eta paper koloretsuz bilduko ditugun bestelako opari potentzialekin. Bonbardaketa mutiri horretan ez da libururik sartzen normalean. Ez behintzat irakurzaletasuna bultzatzeko asmoz, ezta egile berriak azaleratzekotan ere, ezpada diru-iturri emankorra den liburu edo egilea saltzeko. Era horretan, denok liburu berberak irakurtzera bideratzen gaituzte eta, ondorioz, denok gauza berak pentsatzera edo gai berdinak eztabaidatzera. Kontu berberez jardutea, finean.

Supermerkatuko liburu-saila onena ez bada ere, bada zerbait. Dena egin dezakezu bertan, une berean, burua gehiegi nekatu gabe. Letxuga, arrautzak eta otarrainxkak azken bestseller-arekin batera orga berean sartu, nahas-mahas denak pasieran. Ordenak, afera honetan, badu garrantzirik, liburuak ikuskatzeko tartea azkenerako uzten den edo sartu berritan egiten den, eroslearen hautua baldintzatuko baitu. Liburua norberarentzat baldin bada, gaitz erdi. Baina zer gertatzen da guk aukeratzen dugun irakurgaia beste norbaitentzat baldin bada? Nolanahi ere, zuzenena herriko liburu dendara jotzea da, oraindik halakorik dagoen herri batean bizitzeko pribilegioa baldin baduzu behintzat.

Libururik gabeko etxe bat arimarik gabeko gorputz bat bezalakoa dela baieztatu zuen aspaldi Zizeron izeneko hizlari erromatar ospetsuak. Gauza bera esango nuke nik liburu-denda edo liburutegirik ez duen herriari buruz. Hausnartzeko gaitasuna duten arimadun herritarrak izan nahi dugun ala ez, geure esku baino ez dago. Hori buruan izatea komeni da, klik egin aurretik.

Libururik gabeko etxe bat arimarik gabeko gorputz bat dela baieztatu zuen aspaldi Zizeronek

Liburuak oparitzea, ordea, ez da kontu erraza, ez. Irakurlearen gustuak ezagutu behar dira, baita neurri batean haren liburutegia ere, errepikapenik ez suertatzeko. Oparia ustekabekoa izan daiteke, jakina, baina ez derrigorrez, askitan zuzenean galdetzea irtenbiderik justuena baita. Segurura jotzea bete-betean asmatzeko era ziur bat da; alegia, gustuko izango duela jakin badakigun liburu hura oparitzea. Hark poz handia hartuko du, eta gu kontent geratuko gara, dirua zakarretara bota ez dugun sentipen atseginarekin.

Ez dio axola hartzailea irakurzalea edo bibliofiloa ez bada. Arriskatu egin behar da, handik ez bada, hemendik. Xaxatu eta zirikatu. Liburuak oparitu. Beldurraren kateetatik askatu. Aurten ez bada, datorren urtean akaso asmatuko duzu. Besterik ezean, etxearen arima pizteko balio izango du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide