Argi izpiak COVID-19aren garaietan

Erabiltzailearen aurpegia Miren Etxeberria Larrañaga 2021ko ots. 3a, 08:30

Miren Etxeberriak urtarrileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Argi izpiak COVID-19aren garaietan'.

Batzuk jakingo duzuen moduan, lanbidez psikologoa naiz. Horren jakitun, Maxixatzen herri aldizkariak irailean, pandemia hasi eta sei hilabeteren ondoren, COVID-19aren lehen olatuan bizitakoaren eta ikasitakoaren irakurketa psikologiko bat egiteko prest al nintzen eskatu zidan. Ez nuen zalantzarik izan eta baiezko borobila eman nuen, Azkoitiko herritarrentzat une zail haietan nire ekarpen txikia egin nahiak bultzatuta.

Azaroan, COVID-19aren bigarren olatua puri-purian zenean, eta Azkoitia albistegietan gorriz markatutako herri gutxi batzuen artean zegoenean, ni neu izan nintzen Maxixatzeni gai honen inguruan beste ekarpen bat egiteko proposamena egin ziona.

Nondik norakoa izan zen nire proposamenaren arrazoia? Gauzak asko aldatzen dira koronabirusa gizarte fenomeno kolektibo gisan bizitzetik, norbere azalean, lehen pertsonan eta bete-betean bizitzea tokatzen zaigunean. Bai, COVID-19a bizitzea egokitu zait niri eta nire familiako kide gehienoi. Eta zerbait esatekotan, zorte ikaragarria izan dugula eta bizitzari oso eskertua nagoela esan dezaket; bereziki, nire amak 92 urterekin ia oharkabean pasatu duelako gaixotasuna. Harrigarria da.

Birus honekin ez dago jakiterik nondik eta nola joko digun. COVID-19a ez da zertan adineko guztientzat hain gogorra eta hilkorra. Horren adibide da nire amari eta ezagutzen ditudan beste hainbat 80 urtetik gorako azkoitiarrei gertatutakoa. Eta hori benetan da poztekoa, nahiz eta bestelakoak ere asko izan diren.

Azarotik gaurdaino, poliki bada ere, COVID-19aren eragina gutxitzen ari den arren, bistakoa da krisi honen ondorioak sakonak direla, bai osasunean, bai ekonomian eta, modu berezi batean, osasun mentalean. Munduko Osasun Erakundeak neke pandemikoa deitu dio ezohiko ziurgabetasun egoera honek pertsona askori eragin dion neke psikologikoari. Dagoeneko, bederatzi hilabete pasatu eta gero, kutsatzeko beldurra badagoen arren, nabarmenagoak dira tristura, aspermena, frustrazioa, ziurgabetasuna edota amorrua. Askoren eguneroko galdera da: noiz bukatuko da egoera hau?

Eta nire galdera da: zer egin dezakegu egoera hau hobeto eramateko?

  1. Gure esku dagoen horretan arreta jarri eta kontrolatzen ez dugun horretatik distantzia psikologikoa hartu.
  2. Informazio fidagarria aukeratu eta birusa ez bihurtu une oroko gai bakarra. Arreta fokoa jarri une horretan gertatzen ari diren gauza onetan ere.
  3. Norbere burua zaindu.
  4. Gustuko ekintzak egin. Badaude ekintzak burmuineko neurotransmisoreak erregulatzen laguntzen digutenak: deskantsua, ariketa fisikoa, osasuntsu jatea, meditatzea, musika entzutea, gustuko hobbiak...
  5. Emozio deseresoei lekua egin eta noizean behin ondo ez sentitzea onartu.
  6. Harremanak zaindu, nahiz eta nahiko genuen moduan ezin egon besteekin.
  7. Umorea landu, egoera hau beste perspektiba batetik ikusteko eta erlatibizatzeko.
  8. Esker ona sentitu eta unean unekoa bizi.

Birusaz haratago badago bizia. Eta esperantzari heltzea da jarrerarik osasuntsuena eta adimentsuena. Itxaropena helduleku denean, beti egongo baita argia.

Hain ezagun egin zaigun abesti eder honek dioen bezala: "Ez negar egin, gu elkarrekin (...) Luza dezagun begirada, oraingo minaz harago. Tunel beltz honen azken luzean argi izpi bat badago".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide