Estresa, gure eguneroko ogia?

Erabiltzailearen aurpegia Miren Etxeberria Larrañaga 2020ko mar. 21a, 11:49

Miren Etxeberriak idatzi duen iritzi artikulua da honakoa: 'Estresa, gure eguneroko ogia?'.

Askotan galdetu izan diot neure buruari, gure egunerokoan estresari ihes egin diezaiokegun edo ez. Bizitzan eta lanean bizi izan ditudan esperientziengatik, ikusi eta ikasi dut estres uneak saihestu ezinak direla, eta hori ez dela arazoa, onuragarria dela egoera desberdinetara egokitzen laguntzen digulako. Alegia, badela estres positibo bat, errendimendua hobetu eta dugun hoberena ematera bultzatzen gaituena; kirolariek ondo ezagutzen dutena, nahiz eta gizartean ezezagunagoa den, estresa oro har zerbait kaltegarriarekin lotzen dugulako.

Gauza zailtzen da estres une hori denboran luzatzen denean eta eguneroko eginbeharrek eta zailtasunek gain hartzen digutenean, gertaerei erantzun egoki bat ematea ezinezko eginez.  Orduan, estresa negatibo bihurtzen da, osasunarentzat eta gure ongizatearentzat kaltegarria dena.

Ondorioztatu dudana da nahiz eta batzuetan estresa onuragarria izan daitekeen, ez daukagula zertan ia beti mingaina kanpoan dugula ibili beharrik, presaka, gure bizitza benetako arriskuan egongo balitz bezala, bizirauten, kobazuloetako garaikoen antzera.

Argi dudana da ardura eta zailtasunen gainetik, bizitza lasai ederrean gozatzeko ere badela, eta neurri batean gure esku dagoela. Horretarako, ezinbestekoa zaigu gure egunerokan erritmoa lasaitzea, geldialdiak egitea, lasaitasun uneak bilatzea eta aurkitzea: Slow-Life filosofia, geure egitea. Azken finean, gure esku dago estresa nola bizitzen dugun. Eta guztioi komeni zaigu estresa ondo kudeatzen ikastea, modu osasuntsuagoan eta orekatuagoan bizi ahal izateko.

Hasteko, lehentasunak argi izateak eta denbora ondo antolatzeak asko lagunduko digu, eta honekin lotuta, geure buruari denbora eskaini eta bizitza ohitura osasuntsuak garatzeak hobeto sentiaraziko gaitu. Zientziak ikertu du badirela animoa hobetu eta estres maila gutxitzen duten ekintzak. Besteak beste, kirola egitea eta zientzian oinarritutako meditazioa praktikatzea, nahiz eta bakoitzak norbere ekintza lasaigarriak izango dituen. Eta nabarmenduko nuke umorea zein lagungarria izan daitekeen.

Egia da bizitzan gure esku ez dauden faktore asko daudela eta ziurgabetasun honekin bizitzen ikastea ezinbestekoa zaigula, bizitzaz lasaitasunez gozatzeko. Hau da, gure esku ez dagoena onartzea komeni zaigu, distantzia eta perspektiba hartu ahal izateko, hori bai, gure esku dagoena eginez, eta argi izanda onartzea ez dela amore ematea, lasaitasunean irabaztea baizik. Tarteka, gure esku ez dauden ezusteko aldaketak, gertaera mingarriak, alegia, une zailak bizitzea tokatzen zaigu. Batzutan geure balibideekin gainditzeko gai izango gara, baina agian, gerta liteke une batez gain hartu ahal izatea.

Une horietan zer hobea laguntza eskatzea baino? Babesa ematen diguten familia eta lagunei edota, arretaz gain, aurre egiteko baliabide eraginkorrak eskaintzen dizkiguten profesionalei?  Guztiok behar izan dezakegu laguntza une batzuetan. Ez dugu zertan lotsatu edo geure burua gutxietsi beharrik. Gizakiak gara. Gure indarguneekin eta indartu beharreko alderdiekin. Gure argiekin eta itzalekin. Onartzeak gizakiago egiten gaitu. Laguntza bilatzen du bere sufrimentuaz arduratu eta ondo sentitu nahi duenak. Pausu hau ematea ausardiaren seinalea da; norbere buruarekiko errespetu keinua. Ondo bizi nahiaren adierazlea. Normalizatu dezagun une zailetan laguntza eskatzea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide