Berriro ere egin dugu eta ez da kasualitatea; HERRILANA DA!

Erabiltzailearen aurpegia Maxixatzen Euskaldunon Elkartea 2017ko aza. 24a, 17:41

14.000 saski eskatu, eta aurten ere 175.000 euro bideratuko dira Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara. Bosgarren urtez jarraian burutu den kanpaina honekin, dagoeneko 800.000 eurotik gorako ekarpena lortu du Errigorak. Azkoitian guztira 141 saski eskatu dira.

Udazkeneko #EUSKARARI puzka bosgarren kanpaina honek, emaitza bikainak izan ditu aurtengoan ere. Urtez urteko ibilbide honek, ekimena bera noraino sustraitu eta errotu den erakutsi digu eta kanpaina honetan ere milaka izan gara, urtero bezala, Gabonak bueltan etxera iristen den saski eder honi tokia egin diogunok.

Eta bai berriro ere egin dugu! Eta bosgarrenez! Ez. Ez da kasualitatea. 14.000 saski ez dira berez egiten. Ez dira berez eskatzen. Ez dira berez banatzen. Euskalgintzari ez zaizkio 175.000 euro egunero zerutik jausten. Euri-zaparradak bai. Txingorra ere bai. Eta, lantzean behin, baita elurra ere. Baina 175.000 euro ez. Ez. Ez da kasualitatea izan. Herrilana izan da. Herrilangileak izan gara. Bai. Herrilangileak.

Ehundaka gara herriz herri  Errigoraren sarea osatzen dugun boluntario nekaezinak. Banatzaile, komertzial, gidari eta diruzainak. Jende polifazetikoa.

Oraindik baina, eskatutako saski guzti horiek Ablitasetik atera eta 14.000 etxetara iristeko badugu biderik aurretik. Saskiak banatu saskiak jaso... Gozatu dezagun ba egindako Herrilanaz; Goza ditzagun maitasun osoz ekoiztutako Nafar produktuak; Eta goza dezagun euskaltzaleok euskaraz, 175.000€ horiek lagunduko dute horretan eta.

Azkoitian azaroaren 28an, arratsaldez, eta azaroaren 29an, goizez, egingo da kaxen banaketa, Torre Zuri erakustokian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide