Errenta aitorpena euskaraz

Erabiltzailearen aurpegia Maxixatzen Euskaldunon Elkartea 2016ko api. 7a, 13:48

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina jarri du abian aurten ere. Errentaren gaineko aitorpena egiterakoan, zergadunek hainbat bide dituzte euskaraz egiteko, eta oso modu errazean gainera: lehen urratsetik zein hizkuntzatan egin nahi duten aukera dezakete.

 

Kanpaina berri honekin, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskarazkoak izan daitezen bultzatu nahi da aurten ere. Bide horretan, errenta aitorpena euskaraz eginda euskarari bide berriak irekitzeaz gain, administrazioaren euskalduntzea ere bultzatzen da. Hizkuntzaren normalizazioa lortzeko euskara eremu guztietara hedatu behar da, eta horretarako, garrantzitsua da herritarrek euskaraz osotasunean bizitzeko hautua egitea. Udalerri euskaldunetako herritarrak eredu eta aitzindariak izan daitezke horretan.

Ohi bezala, aurten ere, errentaren gaineko aitorpena egiterakoan, zergadunek hainbat bide dituzte euskaraz egiteko, eta oso modu errazean gainera: lehen urratsetik zein hizkuntzatan egin nahi duten aukera dezakete, hau da, euskaraz egiteko ez dago inolako zailtasunik.

Urtez urte, gero eta gehiago dira errenta aitorpena euskaraz egiteko hautua egiten duten herritarrak.  Euskararen normalizaziorako bidean ematen ari garen beste urrats bat da hau. Urrats handia eta sendoa izan dadin, ordea, herritarren babesa eta parte-hartzea beharrezkoa da. Euskarak merezi duen lekua izan dezan egunero behar baitu guztion ardura eta konpromisoa ere.

Informazio gehiago UEMAren webgunean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide