Euskararen gaineko jarrera eta iritziei buruzko ikerketaren emaitzak eta diskriminazioa

Erabiltzailearen aurpegia Maxixatzen Euskaldunon Elkartea 2015ko uzt. 7a, 08:57

Saltoki, enpresa eta administrazioan euskaraz egin nahi duten bezeroen nahia errespetatu egin behar dela dio herritarren % 90ak. Baina, herritarren % 29ak bakarrik uste du euskaldunen eskubideak urratu egiten direla.

Patxi Baztarrikak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, eta Iñaki Martínez de Lunak, Prospekzio Soziologikoen Kabinete buruak, euskararen gaineko jarreren eta iritzien ikerketa aurkeztu zuten ekainaren 30ean, Donostian.

Ikerketak gogoeta zabal eta sakon baterako aukera ematen duen datu ugari eskaintzen ditu. Hona, prentsaurrekoan nabarmendu zituzten iritzi/jarrera batzuk: 

- Herritarrek elebitasuna eta eleaniztasuna balio positibotzat hartzen dituzte.

- Herritarrek ez dute kontrajartzen hizkuntza bat eta beste.

- Herritarrek hizkuntza bat eta besteren aldeko hautua egiten dute.

- Herritarren iritziz, gure egoera soziolinguistikoan, euskara sustatzeko politika zilegi da.

- Elebitasuna elkarbizitzarekin eta berdintasunarekin lotzen dute.

- Euskara guztiona da, edo beste hitzetan esanda, euskararen etorkizuna interesatzen zaie herritarrei, eta guztiontzako da harrotasun elementu euskara.

- Guztiontzako aukera eta prestigio bide da euskara.

- Elkarrenganako errespetua eta diskriminaziorik eza defendatzen dute herritarrek, guztien hizkuntza-eskubideak.

- Etorkizunerako, herritar hirueledun orekatuak nahi dituzte.

Lutxo Egia idazleak ikerketaren inguruan idatzi du Berriako Transitoak blogean. Lutxo performance performance bat egiten ari da: Bilbon hilabetez bizitzea Bilboko hizkuntza hegemonikoa den gaztelaniaz hitz egin gabe. Euskaraz arituko da eta ezinbestekoa duenean ingelesea ere erabiliko du. Bi-lingual: transitoak izenburua eman dio performance honi. Helburua arau sozialak ikustaraztea eta hauekin jolas egitea da. 

Jaurlaritzaren ikerketan diskriminazioak eman dio arretarik handiena. "Herritarren %75 ez dira sekula hizkuntzagatik diskriminatuta sentitu, dio azterketak. Neu ere ez nire bizitzaren lehen 23 urte espainoletan. Elebitasun sasoi luzean, berriz, askotan, baina beti saiatu izan naiz ez estresatzen. Performancean, aldiz, azterketarekin berarekin sentitu naiz diskriminatua. Izan ere, diskriminatuak edo ez diskriminatuak sentitzen direla adierazi duten euskaldun horiek ez dira hogeita lau ordukoak, erdaldunak ez bezala. Azterketak islatuko balu, erdararekin egiten duen moduan, euskara hutsezko bizitze bat, astebetez besterik ez bada ere, euskaldunen erantzunak oso desberdinak izango lirateke, bai horixe."

Zu sentitu al zara inoiz diskriminatua euskara erabiltzeagatik?

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide