2018/03/18 21:30 - 23:55

Matadeixe | Azkoitia | Kontzertua

Lydia Lunch & Weasel Walter's Brutal Measures eta Putan Club taldeen kontzertuak

Sarrera: 8 euro

Lydia Lunch & Weasel Walter's Brutal Measures

“Emaitza eta jarreren aldetik, New York, Londres eta Los Angeles-en arteko bereizketa garbia zegoen punk-aren garaian. New York-eko artistek (nire ingurukoak behinik behin) mugimendu guzti hura karikatura hutsa eta erabat inozotzat hartzen genuen. Kaka pilo hutsa iruditzen zitzaigun punk-aren filosofia, azken batetan, rocka deuseztatzeko asmoz, rock formatuaren ezaugarri oinarrizkoenak erabiltzen ari baitziren. Ulertezina zitzaidan punkak rock -arekiko hainbesteko grina erakustea, eta aldiberean rock bera suntsitzea zetozela esatea. Dena suntsitu eta berriz hastea baldin bazen beraien asmoa, zergatik ez zuten asmo hura musikara eramaten?” Lydia Lunch

Bere Rochester-eko jaioterritik alde eginez , 16 urterekin New York-era iritsitako neskato hark gauzak oso garbi zituen  eta oso prest zegoen gainera, bere erara, era berri batetara, aurrera egiteko. “ New York Dolls taldearen eraginpean abiatu nintzen New York-era. Emakume baten gorputzean giltzaperatutako gizonezko bat sentitzen nintzen, eta hemen emakumezkoen arropatan kateatutako gizonezkoak zeudela ikusi nuen”. Lehen kuriostasuna asetu bezain pronto, berehala konturatu zen Lydia hori baino askoz gehiago behar zuela berak. “Patti Smith, Piss Factory, Television, New York Dolls…- ikaragarrizkoak ziren denak 13-14 urteko nerabe batentzat, baina behin 17 urte zenituenean, gauzak benetako ertzetara bultzatzearen beldur zirela sumatzen hasten zinen”. 

Esan eta egin. Ausart, hiztun, adoretsu eta nekaezina. New York-eko No Wave korrontearen bultzatzaile, zirikatzaile eta katalizatzaile nagusietako bilakatu zen Lydia 20 urte bete baino lehenago.  Teenage Jesus and The Jerks izan zen bere lehen taldea eta bertan, Mars, DNA, James Chance eta beste hamaika talde txiki eta ezkutuekin batera, rock musikaren izaera estetiko-etiko-politiko eta baita musikalari ere erabat buelta emango zion mugimendu berri zirraragarri harren txinparta piztu zuen bere jarrera oldarkor eta inspiragarriaz. Nonbait irakurri izan dut, No Wave hura “rock-aren instrumentu eta talde egituraz baliatuz, rocka baino ez beste zerbait jotzen zuten taldeen musika” zela, eta guztiz egokia iruditzen zait. No Wave, hizkuntza musikal, estetiko eta zergatik ez? politiko berri bat izan zen eta “dena apurtu eta berriz hasi” beste inor baino haratago eramateko gai.

Ia 40urte pasa dira dagoeneko eztanda hura izan zenetik, baina bere oihartzuna ez da guztiz isildu. Beste batzuren artean, eta agian beste inor baino gehiago, Lydia Lunch moduko artistek izpiritu hura bizirik mantendu dutelako, hain zuzen ere. Bere belaunaldiko beste askok komertzialitatearen tranpan erortzen ziren bitartean, Lydiaren xede artistikoa bere horretan mantendu da beti. Are gehiago, berrasmatu, sendotu eta ardazten jarraitu du erabateko espresio pertsonal batetara iritsi arte. Lunch-ek urte guzti hauetan musika, spoken word, literatura, poesia, zinema edota antzerki munduan egin duen lan ikaragarria lerro batzuetan laburtzea ezinezkoa da. Guztien ildo eta muin den bere jarrerarekin gera gaitezen beraz. Iraina, pornografia, feminismoa, sexualitatea, arrazismoa, indarkeria matxista, sendakuntza eta izpiritualitatea. Dena nahasten da bere performance izugarrietan, segurtasuneko sarerik gabe, ikuslegoa zuzenean begietara begiratuz eta, erronkari, aurre eginez. Weasel Walter bateria-jolearekin dator Mataderora oraingo honetan. Zer eskainiko digun ezin jakin, baina bera izango da, Lydia Lunch, bakarra eta imitaezina, gure zirrara, deserosotasun, harridura eta gozamenerako. Prest al zaudete?

(Antton Iturbe)

Putan Club

Putan Club-a erresistentzia zelula bezala jaio zen. Erresistentzia mende honetako instrumentu arkaiko eta berehalakoekin antolatzen da: ahots eta marmar elektrikoak, gerra orgak eta esandako hitzak, haitzuloetako pinturetatik hasi eta kontzeptualismo ausarteraino doan tartea bezala, avan-rocketik musika klasiko garaikidera, ezpainetan muxu ematetik ipurdian ostikada ematerainokoa. Ekintza lekuak askotarikoak dira: New Yorkeko arte galeriatik hasi, eta bosniar squat, alemaniako museo, japoniako diskoteka, frantziako antzerki edota moskuko taberna baterainokoak. 700 emanaldi baino gehiagorekin (Europa, Afrika eta Asian), eta Lydia Lunch-en talde bezala ere bai, Putan Club-a erresistentzia zelula artistiko ikonoklasta eta gogorra da, eta aldi berean groovy nahiz oso sexia. François R. Cambuzat: musika, gitarrak, ahotsa, elektronika Gianna Greco: baxua, ahotsa eta efektuak François R. Cambuzat-ek L´Enfange Rouge, Gran Teatro Amaro, the Kim Squad, La République du Sauvage eta Putan Club-a sortu ditu. 4700 kontzertu baino gehiago emanak ditu mundu guztian zehar. Gianna Greco-k 26 urterako sortuak zituen hainbat talde-proiektu, 11 diska grabatuak ditu eta Shotgun eta Muffx talde italiarretan ere partaide da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa