Marea Urdinaren 2024ko egutegia, eskuragarri

Erabiltzailearen aurpegia Marea Urdina 2023ko abe. 12a, 14:46

Marea Urdina hasi da datorren urteko egutegiaren erakunde, elkarte eta gune publikoetan banatzen. Herritarrek ere lor dezakete berena, hiru euroren truke, Eguzki belardendetan (Azkoitian zein Azpeitian) eta Azpeitiko Jaka dendan.

Bost urte inklusioaren alde

Nork esango zigun 2018an hasi ginenean, 2023an hemen jarraituko genuela inklusioaren alde lanean? Egutegi honekin, Marea Urdinak bete berri dituen bost urteak ospatu nahi ditugu, 2018-2023.

Egitasmo xume bat bezala hasi genuen proiektu hura zertan bilakatu den ikusteak benetan harro sentiarazten gaitu, Marea Urdina inklusioaren sinbolo bihurtu da gure bailaran, denon artean osatuko dugun gizarte inklusibo baten ametsa.

Egutegi honetan, urtean zehar egin ditugun egitasmo edo proiektuen laburpen bat ikusi ahalko duzu (hilabete bat, egitasmo bat).

Eskegi ezazu zure lantokian, ikastetxean, sukaldean... urte guztian inklusioa ikusgarri izateko.

Mila esker.

Inklusiboagoa

Hilabete bakoitzak Marea Urdinak aurrera eramandako egitasmo bat izango du. Ezkerraldean, egitasmoan erabilitako kartela izango duzu ikusgai.

Egitasmoaren kartelaren ondoan, berriz, QR bat izango duzu, eta QR hori zure mugikorrarekin irakurtzen baduzu, egitasmoaren bideoa izango duzu ikusgai.

Batzuentzat, erabiltzen ditugun testuak eta kodeak ulertezinak izan daitezke. Gure egutegiak irisgarri kognitibo gehiago izan dezan, egun berezientzako piktogramak erabiliko ditugu.

Egutegi bukaeran, erabili ditugun piktograma guztien esanahia ipini dugu, denok pixkana-pixkana ohitzen joan gaitezen.

Sentsibilizazioa helburu

Gizartean ditugun aniztasun funtzional guztietaz jabetzeko eta sentsibilizatzeko, urtean zehar ospatzen diren egun bereziak gure logoarekin markatu ditugu.

Egutegiaren behekaldean egun berezi horretan zer ospatzen den adierazten dugu, testu eta piktograma bitartez.

Nazioarteko egunei buruzko errekurtsoak (berria)

Egun bereziak gogorarazteaz aparte, pauso bat gehiago eman nahi izan dugu, eta egun horiek ospatzeko materiala gure webgunean ipini dugu eskuragarri, behar duenak erabil dezan (ikastetxe, ludoteka, zaharren egoitza...).

Nola lortu egutegia?

Ikastetxe, elkarte, eraikin publiko, udaletxe, ludoteka, egoitza eta abarretara doan eramango ditugu egutegiak.

Partikularrek, berriz, hiru euroren truke eskura dezakete egutegia, Eguzki belardendetan (Azkoitian zein Azpeitian) eta Azpeitiko Jaka dendan. Gainera, urtarriletik aurrera, 2024ko egutegia Internetetik jaisteko eta inprimatzeko aukera ere izango dute herritarrek gure webgunetik; fitxategiak PDF formatuan daude, eta kalitate onean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide