Marea Urdinak egindako urratsak eta aurrera begirakoak

Erabiltzailearen aurpegia Marea Urdina 2018ko abu. 27a, 09:48

Joan da ikasturtea eta bukatu da 2017. urteko irailean martxan jarri genuen proiektuaren lehenengo etapa. Balorazioak egiteko garaia da, beraz, eta hurrengo lerroak horretara zuzenduko ditugu Maxixatzenek eskaini dizkigun orriotan. 

 

Egindako lanaren arabera egituratu dugu balorazioa. Oso zaila gertatu zaigu bizi izan dugun guztia zenbakietara ekartzea. Batetik, ez gaudelako horrelako kontuetara ohituta, eta bestetik, ezin izan dugulako hotz-hotzean egin. Oso hunkituta eta eskertuta gaude. Guretzat oso proiektu emozionala izan da, eta konturatu gara gure inguruan ere horrela bizi izan dutela hurbildu diren guztiek. Beraz, zenbaki hotzetan ezin bildu jaso eta bizi izan dugun berotasuna.

Helburu nagusia: autismoa duten pertsonen bizimodua eta haien familien egunerokoa gizarteratzea. Komunikazio estrategia.

Helburu nagusia erdiesteko askotariko bideak erabili ditugu. Batetik, eta nagusiena, sare sozialetan presentzia izateko egin dugun ahalegina izan da. Bestetik, ohiko komunikabideetan lortu dugun oihartzuna legoke. Azkenik, ahoz-aho mezuarekin bat egiteko landu dugun estrategia.

Sarean

Webgunea, Facebook, Twitter, Instagram, bloga eta Youtube kanala izan dira gehien jorratu ditugun bideak. Zenbait datu aipatzearren: urritik gaur arte 1000 txio inguru publikatu ditugu, beste 1000 babes-argazki inguru ere jaso ditugu —oraindik ere jasotzen jarraitzen dihardugu—,  eta, oro har, Facebook-en dagoeneko 1173 jarraitzaile ditu Marea Urdinak. Hortik datoz gure bideoklipak izan dituen 37.300 ikustaldi eta Marea Urdinaren bukaerako mezuak aste bakar batean izan dituen 27.400 ikustaldi. Youtube kanaleko arrakasta ere ikusgarria da. Bideoklipa 5000 ikustaldi izateko bidean da, eta 1000 ikustalditik gorako bestelako bideoak ere badira bat baino gehiago.

Horrekin guztiarekin batera, Whatsapp erremintaren erabilpena ezin ahaztu. Lanerako eta mezuak azkar zabaltzeko gure artean erabili dugun ezinbesteko tresna izan da.

Ohiko komunikabideak

‘Tokiko euskal komunikabideek’ mezua helarazteko prozesu honetan garrantzi handia izan dute. Proiektuaren lehen aipamena Maxixatzenen bidez zabaldu zen herri mailan, eta horrekin batera DVko herriko orrian. Hasieratik izan du Marea Urdinak bidelagun Maxixatzen, eta ondoren etorri dira tokiko bailarako beste komunikabideak —Azpeitiko Uztarria, Zumaiako Baleike...—.  Bailarako Hitzak ere gure berri zabala eman izan du behin baino gehiagotan. Ezin aipatu gabe utzi, ordea, gure mezua zabaltzeko iparraldeko Euskal Irratiak eskainitako tartea ere. Guztira Gipuzkoa mailako hogei komunikabidetik gora aritu dira Marea Urdinaren berri zuzena ematen, idatzizko nahiz ikus-entzunezko bidez —web aldizkari, irrati eta telebistak tarteko—. Euskaraz zein gaztelaniaz. Beste zenbait komunikabidek aurreko horien iturrietatik jasota eman dute gure berri.

Ahoz-ahoko komunikazio estrategia

Estrategia hitza agian gehiegizkoa litzateke, baina ideia eta mezua bere kabuz zabaldu dadin lan egin dugu. Zeharkaldia ondo antolatzen nahikoa lan izan dugu; beraz, mezuak bere bidea egin zezan estrategia baten baitan lotu gara. ‘Marea Urdina naiz’ eta ‘Marea Urdina munduan’ kanpainak estrategia horren baitan kokatzen dira. 1000 argazkitik gora jaso ditugu protagonistak ‘Marea Urdina naiz’ mezua duen bandera eskuetan dutela. Gaur egun oraindik argazkiak jasotzen jarraitzen dugu (eta segi dezala nahi duen guztiak).

Bestalde, atal honetan, Marea Urdina bere egin duten pertsonen ekarpena ekarri nahi dugu gogora; argazkiaren eta kantuaren atzean dagoena zabaltzeko lana hartu duten horien guztiena. Bereziki deigarria izan zaigu bailarako zenbait eskolak ikasgeletan egin duten lanketa. Autismoaren egunerokoa gelara eraman eta ikasleekin landu dute. Denetariko adibideak izan ditugu, eta ezin denak aipatu; ezin denak zenbakietara eraman, beraz. Azken lanketa horiek guztiak gure eskuetatik kanpo geratzen dira beti, norberak proiektua eta mezuak beretzat hartzen dituenean eman daitezke soilik. Marea Urdinaren kasuan ugariak izan dira horrelako adibideak.

«Zer egin dezaket?» galdezka hurbildu den orori «zer dakizu egiten?» erantzun diogula askotan aipatu izan dugu. Azken finean, horrekin esan izan dugu mezua eta mezuaren esanahia hausnartzea eta barneratzea norberaren ardura dela. Inondik inora espero ez genuen bezalako erantzuna jaso dugu.

Arlo ekonomikoa

Hasieratik kontu jakina izan da gure helburua ez dela izan diru bilketa. Gutxieneko bat behar genuen, batetik, zeharkaldia ganoraz antolatzeko, eta bestetik, mezua zabaltzeko. Kontu guztiak itxi gabe ditugun arren, aurreratu dezakegu bi helburuetarako gutxienekoa lortu dugula. Oraindik datu zehatzik ez badugu ere, gerakin bat ere izango dugu seguruenera eta, hasieratik esan genuen bezala, herrian bertan geratuko da aurrerago aipatuko dugun moduan.

Hasieran web bidezko diru bilketa egin genuen ulule plataformaren bidez. Bertan 112 norbanakok egin zuten ekarpena. Aipatzekoa da diru bilketaren helburua 2500€ izanik ere, 5000€ko ekarpena izan genuela. Bestetik, ekonomikoki lagundu gaituzten hemeretzi ‘babesle’ izan ditu Marea Urdinak. Hainbat lagun anonimo eta talderi dagokienez, kopuru zehatzik eman ezin badugu ere, 30-50 inguruk egin dute ekarpena. Bertan sartzen ditugu Gabon eskean ateratako dirua eman izan duten umeak, nagusiak eta taldeak, edo kuadrilletan potearen soberakina eman dutenak. Adibideak ugari dira, eta ezin denak aipatzen hasi. Horrez gain, gauza jakina da itsas milien salmenta egin dugula. 34 izan dira guztira, eta aipatzekoa da zeharkaldia baino hiru hilabete lehenago denak salduta genituela.

Marea Urdina itsas zeharkaldia

Ederra eta ‘emoixoz’ betetakoa izan genuen asteburua. Zoragarria bi egunetan zehar elkarrekin bizi izan genuena, eta zirrara mezua eskuz-esku aldatzen zen bakoitzean sentitu genuena. Eguraldi ezin hobea eta itsaso txukuna, biak ala biak ezinbesteko baldintzak; biak izan genituen alde. Zeharkaldi luzeko 75 igerilariak, garaiz eta prestu aurrez aipatutako tokietan itxaroten. Dena lotuta, beraien artean familia eta etxekoak mobilizatuta hasiera puntutik amaiera punturainoko bidea egiteko. Lan handia uretan egin zutena; aurrez egindako prestaketaren emaitza argia.

Zeharkaldi herrikoietako igerilariak berdin. Denak prest eta pazientziaz itxaroten. Berandutu egin ginen arren, bidean ez zen ilusio izpirik galdu. 350 bat igerilari aurreikusitako lau herrikoietan. Hondarribiako eta Orioko amaieran egon zirenak mundu bat.

Hori guztia ez zen izango posible zeharkaldia eta zeharkaldiari lotutako ekintzak antolatzen lagundu izan duten guztiak egon izan ez balira: piraguista eta padel surfeko 75 inguru —aipagarriak Saturrarandik Oriorainoko bidea piraguan egin zutenak edo surf taularen gainean Zarauztik Oriorako bidea egin zuena—, zeharkaldian zehar inoiz hurbildu eta bidelagun izan genituen 30 itsasontziak —motora, belaontzi, batelari edo Albaolako Ameriketatik traineru zoragarria—. Aipamen berezia uretatik kanpoko logistika eta antolaketa lanetan jardun zuten 200 lagunetik gorako taldearentzat (eta beraien familia eta tartekoentzat, ez baikara zenbaki hutsak).

Marea Urdinaren asmoak

Hasieran itsas zeharkaldi solidarioa antolatzea zen gure asmo hutsa; hortik abiatuta, gero gerokoak. Izugarria izan da denboran zehar proiektuak izan duen garapena. Inondik inora espero ez genuen bilakaera izan du, eta horrek gure etengabeko hausnarketa bultzatu du.

Ugari dira Marea Urdinari «eta gero zer?» galdera egindakoak. Horren erantzun zuzena norbanakoak du, banderarekin argazkia atera dugun guztiok erantzun beharko duguna.

Oraindik zehaztu gabe dagoen arren, aurreratu dezakegu egitura egonkor bat osatzeko asmoa dugula. Bailarako herritarren aniztasun funtzionalari erantzungo dion egitura bat sortu nahi dugu Azkoititik, bailarako herritarren behar sozialei erantzungo diona. Azken hilabete hauetan zehar hainbat adibide ikusi dugu inguruko herrietan, eta bide hori jorratu nahi dugu Azkoitian. Egitura horren antolaketa eta sorrerarako erabiliko dugu Marea Urdineko gerakin ekonomikoa.

Herriko elkarte eta eragileekin batera lan egingo duen egitura bat litzateke, pertsona erdigunean jarrita, hasieran bere buruari gaiarekiko norberaren arduraz galdetuko diona. Ondoren, asmo onenarekin, askotariko ekintza eta dinamikaz osatutako egutegi batekin erantzungo diogu aipatutako galderari, eta ilusioz dena ikasteko izango dugun bideari ekingo diogu.

Inklusioa ahoz-aho darabilgun garaiotan, bide horretan kokatuko dugu gure ahalegina. Irailean, Marea Urdinera batu garen guztiok jasoko dugu gonbidapena pixkanaka martxan jartzeko. Inklusio hitzak pertsona orori egiten dio erreferentzia, ezin baita bestela izan. Elkarrekin egin behar dugu bidea ezinbestean.

Hortxe, beraz, gure erronka berria. Jakin badakigu zu zeu ondoan izango zaitugula, baina ahalegin eta dei berezia egin nahi diogu etxean besterik ezean gelditzen diren familiei. Beraien behar bereziak kontutan hartzea eskatuz inoiz atea jo eta itxita topatu duten familia eta norbanakoei, «horrela beharko du» esanez etxera joan den horri dei berezia zuzendu nahi diogu. Ertzetik erdigunera begiratu nahi dugulako, ertzak maite ditugulako.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide