Oldarralditik oldartzera

Erabiltzailearen aurpegia Miren Alberdi Urzelai 2024ko urt. 14a, 09:30

Miren Alberdik abenduko Maxixatzen aldizkarirako egindako iritzi artikulua da honakoa: 'Oldarralditik oldartzera'.

Azaroak 4 zituen. Guk, aldiz, hamaika genituen: hamaika eraso. Oldarraldia. Bilbon elkartu ginen milaka euskaltzale; denok ez ginen euskaldunak. Horrek sentimendu gazi-gozoa sortu zuen nigan. Gazia, ohartu nintzelako euskal munduko errealitatea ez datorrela bat gure egunerokoarekin; gure oasitik ateratzen naizen aldiro gertatzen zait. Gozoa, berriz, batek ez duelako bestea kentzen: izan zaitezke erdalduna eta, aldi berean, euskaldunon eskubideak aldarrikatu. Hala ere, euskara gaztelera baino gehiago eta ozenago entzungo den Euskal Herri bat amesten dut. Horretarako lanean jarraituko dut. Ez dakit hau irakurtzen duzunerako beste eraso judizialik gertatuko den, baina badakit harrezkero haserretu nauten bestelako hainbat eraso izan direla.

Esaterako, manifestazioarekin batera, asteburu osoan, Basque Crossfit Txapelketa izan zen Bilbon bertan. Milaka euskaltzale euskararen alde kalean ginen bitartean, Bilbao Arenako megafoniatik gazteleraz eta ingelesez animatzen zituzten kirolariak. Izan ere, kanpotik etorritakoak ziren asko, eta euskaraz ez dakitenen eskubideak defendatu behar dira; euskaraz ez dakitenei errespetua zor zaie. Diskurtso hori gero eta ozenago entzuten dugu, eta ez gara ohartzen gaztelania ez dela hizkuntza hauskorra. Euskara da hizkuntza hauskorra. Eta hainbat tokitan ofizial izateaz harago, geurea dugu. Ez al dugu defendatuko? Ez al gara, behingoz, haserretuko?

Horren harira, Martxelo Otamendiri entzun nion, Maxixatzenek antolatuko hitzaldian, "badugula haserretzeko garaia". Egia esan, ez dakit zer gehiago behar dugun geure onetik ateratzeko. Hobe genuke bizitzako esparru guztietan horrelako tenplea bagenu. Edo ez, egia esan ez. Hala balitz, zapalduta biziko ginateke; burutik behera kaka (gehiago) egingo ligukete. Bestalde, Berriaren zuzendari ohiak esan zuen bezala, "diagnostikoak egitea oso ondo dago, baldin eta gero neurriak hartuko badira". Bestela, ordea, ez dute ezertarako balio. Gaixorik gaudela jakin eta erremediorik ez jartzea baino gauza zentzugabeagorik ba al dago? Ahalduntzea hain modan dagoen garaiotan, euskaldunok ere ahaldundu beharko dugu. Konplexuak eta errespetu kontuak alde batera utzi eta euskahaldundu gaitezen. Legezko zoru bat euskararentzat jardunaldietan, Unai Iturriotz abokatuak esan zuen euskaldunok halako paralisi eta autozentsura batean gaudela eta, aldiz, euskarafoboak oldarraldian daudela. Pasa gaitezen beste aldera. Oldar gaitezen!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide