Euskara mundiala da

Erabiltzailearen aurpegia Miren Alberdi Urzelai 2022ko abe. 3a, 10:00

Miren Alberdik azaroko Maxixatzen aldizkarirako egindako iritzi artikulua: 'Euskara mundiala da'.

Neure buruari hitzeman nion Maxixatzeneko hurrengo artikuluak, honek alegia, kutsu positiboa izango zuela. Ez da erraza; begiratzen dudan lekura begiratzen dudala, haserretzeko hamaika arrazoirekin egiten baitut topo, eta haserretzeko ez bada, aldarrikatzeko. Baina ez, oraingoan ez nator horretara.

Oraingoan kontu politak esatera nator. Izan ere, euskaldun izatea nekeza bada ere, Ruper Ordorikak berak ere badaki euskaldun izatea polita ere badela, euskaldun izateak bere alde onak ere badituela; batzuetan Negu Gorriaken antza izan dezakeen arren, euskaldun izatea harro egotekoa ere bada. Ez diogu alferrik heldu gure hizkuntzari gaurdaino. Oztopoak oztopo, bizirik darraigu.

Aurreko astean, ETB1eko erreportaje batean emakume bati entzun nion esaten euskara nahita galtzera iritsi zela, ez zizkiolako arazoak besterik ekartzen umea zenean. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, Francoren garaian izan baitzen haur emakume hura. Gerora, ordea, Pasaiako ikastolaren sortzaileetako bat izan zen. Horratx! Euskarak ez dizkio atsekabeak bakarrik ekarri.

Neure ibilbideari begira jarrita, euskarak bizipen hunkigarriak ekarri dizkidala garbi daukat. Euskara nire lanerako tresna da, baina hori baino askoz gehiago ere bada. Euskarak jende mundiala ezagutzeko aukera eman dit, eta ematen dit. Mundiala bere zentzu guztietan: pertsona bikainak eta munduko hainbat lekutatik gure herrira etorritakoak.

Euskarari esker, euskaltegiko ikasleek elkar ezagutzeko eta harremanak egiteko aukera dute. Euskaragatik izango ez balitz, esaterako, Aleena pakistandarrak ez luke Txinako Li ezagutuko, ez lukete elkarrekin komunikatzeko aukerarik izango. Euskara zubia da, eta munduak elkartzen ditu.

Horrekin lotuta, Nafarroako Hitzan irakurri nuen elkarrizketa bat datorkit burura. Duela bi urte eta erdi lotu zitzaion Yasmine Khris Maansri frantziarra euskararen bideari. Euskarak zer ematen dion galdetuta, honakoa erantzuten du Yasminek: "Aberastasuna ematen dit, eta ez bakarrik linguistikoa; ez da mugatzen horretara. Euskarak eman dit mundua beste ikuspuntu batetik begiratzeko aukera. Euskarak baditu berezitasun batzuk, eta berezitasun horiek tresna gehiago ematen dizkidate munduari begiratzeko. Kontzeptu batzuk oso euskaldunak dira, eta ez nituzke ezagutuko hizkuntza ikasten hasi ez banintz".

Finean, euskarak munduak lotzen ditu; munduari begiratzeko modu berriak ematen dizkigu; euskara munduan dago eta mundu bat da euskara.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide