Egia da gaur egungo bizimoduak ez duela laguntzen

Egia da gaur egungo bizimoduak ez duela laguntzen, estresa alde batetik, presa bestetik, denbora falta, lana, aparteko konpromezuak, ikasketak...Baina gauza da, bata edo besteagatik, gaur egungo elikaduraren kalitatea gero eta txarragoa dela. Alegia, zentzua galtzen ari garela elikadurari dagokionean.


Orain dela urte batzuekin alderatuta, elikagai aurrekozinatu eta prozesatu gehiago kontsumitzen ditugu, beharrezkoak ez diren elikagai gehiago (goxokiak, opilak, edari freskagarriak...), eta benetan premiazkoak eta komenigarriak direnekin ahaztu egiten gara (barazkiak, frutak, lekaleak, zerealak...). Bizimodua ere asko aldatu da, sedentarioak bihurtzen ari gara, kirola gero eta gutxiago egiten dugu. Gertu gelditzen zaizkigun tokietara ere kotxean joateko ohitura hartu dugu, eta igogailua dagoen lekuan ez zaigu okurritu ere egiten eskaileretatik igotzea.

Zer da ordainetan jasotzen duguna? Ba mundu mailan, biztanleriaren heren batek gainpisua izatea, Espainiako 25-60 urte bitarteko biztanleen erdiek ere gainpisua eta obesitatea izatea, diabetesa, hipertentsioa, gaixotasun kardiobaskularrak, depresioak eta beste hainbat gaixotasunen intzidentzia ikaragarri igo izana. Hauek hor daude, baina ziurrenik gertu tokatu arte ez ditugu ikusiko.

Esan beharra dago dena ez dela kalori kontua, 60. hamarkadan baino kalori gutxiago kontsumitzen da gaur egun, eta hala ere gainpisu gehiago dago. Badago hor zerbait gaizki doana, eta etorkizunean ez da hobekuntzarik aurreikusten.

Badakit zenbaki handiekin galtzea erraza dela, baina aipatu beharra dago 2.500 milioi euro gastatzen direla urtean obesitatearen eta honen ondorioz sortutako gaixotasunen tratamenduetan. Ba aldakizu zenbat heriotza ekidin ahal izango liratekeen urtean fruta eta barazkien kontsumoa gomendioek diotena izango balitz? 1,7 milioi.

Zer esanik ez haurren kasuan. Obesitate eta gainpisu tasak, gero eta altuagoak dira. Ez zaigu ahaztu behar gaur eguneko haurrak direla etorkizuna...Beraz, badago zeregina.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide