Adimen bat, bi hizkuntza

Erabiltzailearen aurpegia Lander Albizuri 2024ko mar. 18a, 12:49

Lander Albizurik otsaileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa: 'Adimen bat, bi hizkuntza'

Ez da denbora asko elebitasunaren abantaila psikologikoak zabaldu direla jendartean. Hori Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat herritarrok ohikotzat dugun errealitatea izanik, ikustekoa da abilezia horrek gure adimena hornitzeko duen era bitxia.

Batez ere mende honen hasieraz geroztik aurkitu izan dute zientzialariek eta psikologoek elebiduna izatearen abantailen ziurtasun enpirikoa. Era horretara, 2007. urtean Ellen Bialystok kanadarrak bilakaera sozial handia izan duen aurkikuntza egin zuen: elebitasunak dementziaren agerrera atzeratzen du.

Zehazki, hizkuntza bat baino gehiago hitz egiten dituzten pertsonei buruko gaixotasun neurodegeneratiboak 4,5 urte beranduago agertzen zaizkiela proposatu zion komunitate zientifikoari. Elebiduna den pertsonaren garunak aktiboki erabiltzen ditu hark dakizkien hizkuntza guztiak, momentu oro konexio ezberdinak sortuz eta martxan mantenduz. Era horretara, gimnasiora joaten den pertsona baten giharrak sendoagoak ikusten diren moduan, baita haiek atsedenean egonda ere, hizkuntza bat baino gehiago praktikatzeak onura eta trebetasun esanguratsuak ematen dizkio giza adimenari.

Elebidunaren garunak aktiboki erabiltzen ditu hark dakizkien hizkuntza guztiak

Ildo beretik, gizakiok lehenengo hizkuntza erabiliz "emozionalago" erreakzionatzen dugula diote bestelako azken ikerlanek, gainerako beste hizkuntzetan arrazionalago, hotzago eta objektiboago erantzuteko eredua edukiz. Bitxikeriaren azalpena izan da familian, haurtzaroan, aspaldiko lagunekin eta ezagunekin, eremu intimoetan ama hizkuntza erabiltzen dela; beste hizkuntzen ezagutza eta erabilera, oro har, eskolan, unibertsitatean, akademietan edota lanean ikasiz edo garatuz.

Izan ere, pertsonalitatearen zati bat era berezian aldatzeaz gain, lengoaia bat komunitatearen funtsezko ezaugarria da. Hori ezagututa, hizkuntzari lotua dagoen komunitatearen adierazteko erak, ohiturak, pentsamenduak eta jarduerak ulertzeko ateak irekitzen dira, nazio irekien mundu posible baten beharrezko ezaugarria izanik elebitasuna.

Azkartasun kognitiboa, pertsonalitatearen aberastea eta komunitate ezberdinen arteko irekitasuna, adimenaren mugak zabalduz errealitatearen dimentsio ezberdinak ezagutzean datza.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide