Demokrazia: ilusioa ala preziatua?

Erabiltzailearen aurpegia Lander Albizuri 2023ko abu. 2a, 09:00

Lander Albizurik uztaileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Demokrazia: ilusioa ala preziatua?'.

"Demokrazia da gobernu sistema eskasena, beste guztiak kontuan izan gabe", esan ohi zuen Churchillek. Bada, demokraziak gobernu sistema moduan tiraniak galarazteko duen berezko bertutea nabarmena izanda ere, guztiok pairatzen ditugun gabezia objektiboak ere baditu, estatu zein herri mailan.

Pertsona talde bateko norbanako bakoitzaren lehentasunak komunitateko erabaki orokor batean bihurtzeko balio duen edozein mekanismori deritzo demokrazia. Era horretara, estatua gizarte guztiaren adierazpen politikoan bihurtzen da. Halaber, hainbat demokrazia mota dauden arren, Euskal Autonomia Erkidegoan hauteskunde libreen eta lehiatuen eskutik aukeratutako ordezkarien bidez hartzen dira erabaki politikoak eta sortzen arau juridikoak.

Interes orokorretik aldentzen den ordezkari politikoaren agintea mozteko gaitasunaz gain, batik bat, gizartean eragiteko edo bizirauteko bitarteko gutxien duten pertsonak beste gizabanakok bezainbeste zeresan erabakitzaile edukitzea da demokraziaren aparteko dohaina. Beste hitz batzuetan esanda: demokrazian ez dira norbere interes pertsonal materialak soilik gailentzen, bakoitzak horiek erdiesteko dituen baliabideen neurrian (supermerkatu batean gertatuko litzatekeen moduan), baizik eta norbera bizi den gizartearen eredu jakin baten alde bozkatzen da. Guztien berdintasunez legeak eratzean, guztien askatasunez legeen izaera erabakitzean.

Jendeak uste badu bere botoak ez duela axola, informatzeko interesa apalduko da

Argira hurbiltze orok sortzen du bere itzala, ordea. Arrowren paradoxa da horietako bat, Nobel saridun ekonomialari hark 1950eko hamarkadan garatu zuena. Hark, funtsean, matematikoki frogatu zuen ezinezkoa dela hauteskunde demokratiko bateko boto guztiei eragin berbera esleitzen dien hauteskunde sistema izatea. Hots, boto kopuru berberarekin ondorio politikoak ezberdinak izango dira zenbatze eta erabakitze sistemen arabera. Soilik botoen zenbatekoa hartuko balute kontutan, Trumpek ez zukeen presidentzia lortuko 2016an, Hillary Clintonek 2.868.685 boto gehiago eskuratu baitzituen guztira.

Ezjakintasun arrazionalaren kontzeptuari jarraikiz, jendeak uste badu bere botoak ez duela axola, informatzeko interesa apalduko da, gaur egungo gizarte jendetsuetan gertatzen den modura, norbanakoaren erantzukizun politikoa biztanleen artean diluituz. Demagogoen propaganda eta manipulazioa ereiteko aurreiritzietan, axolagabetasunean eta ezagutza osatugabean oinarrituta dagoena baino lursail hoberik ez dago.

Demokraziaren defentsa sendoena bere gabeziez ohartzea da, hura baita etsaiek erasoko duten eremu zehatza. Alegia, arerioaren urratsak aurreikusten dituenak bere eskuetan du guda erdia.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide