Lapurra bankua denean

Erabiltzailearen aurpegia Karmen Irizar 2021ko urt. 31a, 08:30

Karmen Irizarrek urtarrileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Lapurra bankua denean'.

Bestera izan ohi da filmetan. Hiruzpalau lagun aurpegia eta burua estalita, armak soinean, eta martxan dagoen kotxea atarian, ziztu bizian alde egiteko. Beti izaten da, ordea, ezustekoren bat, eta ordu eta erdiko joan- etorri, polizia arteko eztabaida eta lapurren eskaerak atzeratzen ibili ondoren, eskuburdinak jantzita zulora bidean izan ohi dira lapurrok.

Bukaera oso bestelakoa da lapurretan egiten duena bankua bera denean. Banku, aurrezki kutxa... nahi duzuena. Eguna joan eta etorri, lapurreta garbian ari zaizkigu finantza etxeak. Ezaguna izango zaizue zerbaitetara joan eta trabara joanda bezala begiratzen dizun mostradoreko 2langilea. "Ez, gestio hori 9etatik 10:30era baino ezin dugu egin, arauak dira", "hobe duzu kutxazainean egin. Hobe zeinentzat? Zorionekoa zu, begirunez begiratzen dizun langilea egokitzen bazaizu, bada bestelakorik ere eta.

13:10ean genuen hitzordua jarrita gure 'aholkulariarekin'. 13:15ean, artean zain, bere lankide batek esan zigun lankide ohi batekin kafea hartzera joana zela eta berehala itzuliko zela. 13:25ean alde egin genuen. Berehala nuen telefonotik hoska, gestio bat egitera atera behar izan zuela eta barkatzeko. Lankide ohiekin kafea hartzera joatea zer gestio mota ote zen galdetu nion eta isilik geratu zen. Ez zuen lankidearekin hitz egin, nonbait.

Eta komisioak? Banku ataritik pasatzeagatik kobratzen hasiko zaizkigu laster. Kontua irekita izateagatik bakarrik urtarriletik aurrera etxepeko kontua 100 euro kostatuko zaigu urtean, transferentziak, ordainketak... norberak eginda ere, ordaindu egin behar beste diru-etxe batekin ari bazara. Norbere ordenagailua, norberak egin lana, norberak jarri argi-indarra, dena norberak egin, eta hala ere, komisioa kobratuko dizute.

Anekdota dela esango dute askok, eta hala da, hori bakarrik hartuta. Baina ez da hori bakarrik. Nahi edo ez, banku, aurrezki kutxa... baten bidez jaso behar dugu soldata. Ezin da legez, beste formularik erabili, dirutan edo... Ustelkeria ekiditeko omen!

Begirunea behar ligukete. Gure aurrezki, diru eta bizibidea ahalbidetzen duten xoxak euren eskuetan jarrarazten dizkigute. Hogeitamaika eskutik daukate, legea euren alde daukate, ez dute bezero bila ibili beharrik, denok gaude bezero izatera kondenatuta. Beren negozioaren oinarria ziurtatuta dute, gure lanbideetan gehienok ez ditugun erraztasunak dituzte hasieratik. Eta eskertuta egon beharrean, goitik behera begiratzen digute, bezero VIPak eta ez VIPak daudela esaten digute aurpegira, eta inolako kezkarik gabe puzten dituzte honegatik eta harengatik kobratzen dituzten komisioak.

Legeak eta gizarteak eman dieten pribilegioa denon onerako erabili beharrean, gutaz aprobetxatzen ari dira, jakitun baitira, dioguna diogula, ez dagoela euren statusa aldatuko duenik.

Jende zuzena behar lukeen tokian, jende xeheari lapurreta egin eta oztopoak jartzea aurrerapena dela sinestera heldu den gizataldea dago. Ez denak, jakina! Baina lapurreta erraz justifikatzen duen jende askok osatzen du egun finantza munduaren sare lausoa.

Testu honek ez du ezer aldatuko, badakit. Eta arduradun politikoak ere ez dira sekula aurretik joaten, herria bultzaka sentitzen dutenean larritzen eta hasten dira zerbait egiten. Hori baino ez zaigu geratzen, beraz. Elkar hartu eta legez egiten ari direna ez zuzena dela ozen aldarrikatzea behar den tokian. Diru-etxe zintzoagoak behar ditugu herritarrok.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide