Erregela eta termometroak

Erabiltzailearen aurpegia Kari Alberdi 2024ko urt. 7a, 12:00

Kari Alberdik abenduko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa: 'Erregela eta termometroak'.

Orain lo hartuko banu, zenbat ordu izango nituzke aurretik lotan pasatzeko iratzargailuak tinpanoak hautsi baino lehen? Orain azken tragoa hartuko banu, sosik izango al nuke patriketan etxera bueltatzean Gostinenetik zerbait erosteko? Orain sobratu zaidan arroz pakete erdi honekin astearen bukaerara iritsiko al naiz?

Neurtzen daramagu bizitza: ordutan, eurotan, kilotan, metrotan, gradu zentigradutan, hektareatan eta atmosferatan. Bertsolaritzako neurri txikiak eta handiak, gobernu erreformisten neurriak, neurrira egindako oinetakoak eta neurri gabe edaten dutenak.

Neurtzera ohitutako gizartean izan gara heziak: gaitasunak zerotik hamarrera arteko nota batek neurtzera ohitutakoa, edertasuna gerriko zentimetrotan neurtzera ohitutakoa eta norberarekiko onespena gustuko dut-etan neurtzera ohitu dena jada.

Neurri bikote bat banatzen duena distantzia da. Zu eta bion artekoa, egiaren eta gezurraren artekoa, hasieraren eta bukaeraren artekoa, abiapunturen eta helmugaren artekoa. Distantziari esker, distantziaren erruz. Distantzia gorde, distantzia galdu.

Neurria bi aldeetaraino berbera denean, distantziakidetasuna deitzen zaio. Distantzia berera ditugun horiek, berriz, distantziakideak dira. Distantzia berdinera dauzkagu 2002a, Europako hainbat herrialdetan euroa zirkulazioan jarri zuten urtea, eta 2044a, batzuen ustetan zeruan barrena kotxe hegalariak zirkulazioan jarriko dituzten urtea. Distantzia berera dauzkagu Azkoititik Lasaoko gasolindegia eta historia guztian zehar aurkitu den ur azpiko fosarik sakonena, biak hamaika kilometrora. Hamaika mila metrora. Milioi bat eta ehun mila zentimetrora. Distantzia berera dauzkagu 30ak eta 25ak 1996an jaio ginenok. Eta sekula distantzia berera egongo ez direnak Palestina eta Israelgo estatu genozida izango dira.

Bake faltsua taldeak honela dio: "Bakearen etsaia da etsaiaren bakea onartzen duena"

Neurtutakoa alderatzeko orduan, ezin dugu unitate desberdinetan hitz egin. Ezin ditugu alderatu kilogramoak eta metroak, graduak eta hektareak, bonbardeatzaileak eta bonbardatuak, okupatzaileak eta okupatuak, erasotzailearen indarrak eta defentsarako diren indarrak. Neurketa desegokiek eztabaida desegokiak dakartzate. Eztabaida desegokiek, ondorio desegokiak. Ondorio desegokiek, irakurketa desegokiak.

Neurriak hartzerakoan bakea da sarri hizpide: bakea herrien artean, bakea herritarren artean, bakea lapurraren eta lapurtuaren artean. Bakegileek hala diote, sarraskiari neutraltasunetik begiratu nahi diotenek horrela diote, eta Bake Faltsua taldeak honela dio: "Bakearen etsaia da etsaiaren bakea onartzen duena".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide