'Zer gera pantailak itzalita?'

Erabiltzailearen aurpegia Kari Alberdi 2022ko abe. 12a, 16:39

Kari Alberdik azaroko Maxixatzen aldizkarirako egindako iritzi artikulua: 'Zer gera pantailak itzalita'.

Igande gauerdia da logelan, eta ohean emandako bira bakoitzeko zure buruak bi eman ditu. Galdera asko eta erantzun gutxiko gaua dirudi gaurkoak. Zalantzek eskaintzen ez dizuten konpainiaren bila luzatu duzu besoa ohe ondoko mahaira. Azken hogeita hamar segundotan ez dizu inork mezurik bidali, ez du inork ezer berririk igo Instagramera, ez dago txio berririk Twitterren. Baina badaezpada pantailara lotu dituzu berriro begiak, beste aldean aurkitutakoak burua askatuko dizulakoan. Sareek gehiago korapilatu dizute barrena, eta blokeatu berri duzun pantailaren antzekoak dituzu pentsamenduak: ilunak.

UNICEFen ikerketen arabera, Euskadiko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasle nerabeen %45,9 bakarrik ez sentitzeko dago Internetera konektatuta, eta %24,7k bakardadea sentitu du bertara konektatzean. Paradoxikoa dirudi, baina amaierarik gabeko ziklo baten oinarriak dira biak. 2020ko azarotik 2021eko martxora, 11-18 urte bitarteko 4.597 parte hartzaile izan zituen Teknologiaren eragina nerabezaroan: harremanak, arriskuak eta aukerak ikerketak, eta datuak online galdetegi baten bitartez bildu ziren ikastetxeetako ikasgeletan bertan. Partaideen %46,4k egunean bost ordu baino gehiagoz erabiltzen du Interneta asteburuetan, eta %31k, lanegunetan. Zenbakiek diotena oraingoan hitzek errepikatuko dute: arazo bat daukagu esku artean.

Pantailekin batera geu itzaltzen ote garen susmoak ditut batzuetan

Esku artean dugun arazoa mugikorra bera dela ondorioztatzea gaiaren irakurketa hutsalegia litzateke. Gure konponbidea jarrera debekatzaile batera mugatzeak arazoaren mugak hedatuko lituzke. Hedatzen jarraitzen duen mendekotasun digitalaren erroari ez begiratzeak itsutu egingo gaitu.

Pantailekin itsututa gauden moduan Internetaren hasierarekin hazi garenok, nerabeen sareko jarrerak Whatsappez gaitzesten ditugunok, TikTokeko dantzak Instagramez kritikatu ohi ditugunok, Tuenti eta Fotolog bezalako plataforma zaharrak nostalgia berriarekin gogoratzen ditugunok. Jaso ez dugun hezkuntza digitalaren ondorio fisikoak dira gorago zerrendatutako datuak. Iraganean Internetaren kontrolik gabeko erabilerari ateak ireki izanak gainezka egin du gaur egun. Ondorioak ondorengoen sorbaldetan, eta eskuetan, eta buruetan daude jada.

Merina Gris taldearen Zerua orain diskoko 90 kantak, beste hainbat labankadaren artean, pantailak itzalitakoan zer garen galdetzen digu. Pantailarekin batera geu itzaltzen ote garen susmoak ditut batzuetan, eta susmoak baieztatu ohi ditut besteetan. Konexioaren deskonexioak blokeatu ote digu hasierako pantaila?

Garuneko kableek huts egin aurretik hezkuntza sareak konpontzea tokatzen zaigu. Sare sozialetako profilek gure izaera jan aurretik ego- gosearekin amaitzea tokatzen zaigu. Datozen belaunaldiei begietara begiratzea tokatzen zaigu, sorbalda gainetik egin beharrean. Esku arteko arazoak eskutik helduta konpontzea tokatzen zaigu. Pantaila itzaltzean piztuta jarraitzea tokatzen zaigu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide