Abendua

Erabiltzailearen aurpegia Jose Ramon Aranbarri 2024ko ots. 5a, 09:24

Jose Ramon Aranbarrik urtarrileko Maxixatzen aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da honakoa: Abendua.

Abendua hil berezia da; ilusioz, festaz eta ospakizunez betetako hila. Abenduan Santa Luzia, San Tomas eta Gabonak ospatzen ditugu, gure kaleak eta etxeak argiz eta Gabon apaingarriz apaintzen ditugu, Olentzero eta Mari Domingi etortzen zaizkigu, eta, tradizioa jarraituz, abendua urtarrilaren 6ra arte luzatzen dugu Errege Magoen zain.

Abenduan lagunarteko, lantokiko, familiako bazkari- afariak egiten ditugu, eta jan eta edan lepo egiten dugu. Abendua, klimari dagokionez hil hotza eta iluna izan arren, poztasun, alaitasun eta lagunarteko hila bihurtu dugu.

Abenduan desgaitasunaren eguna ere ospatzen da. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, desgaitasuna gizakiaren baldintza bat da, oro har, urritasunak, jarduera mugak eta pertsona baten partaidetza murrizketak barne hartzen dituen egoera. Espainiako Estatuan 4,3 milioi pertsonak baino gehiagok dute desgaitasunen bat: herritarren %10ek. Eta gizartea gero eta zaharragoa bihurtzen ari garenez, zifra hori handitzen joango da. Desgaitasuna fenomeno konplexua da, eta ez du pertsona modu isolatuan hartzen, familia eta bizi den gizartearekiko elkarreraginean baizik, desgaitasun mailaren arabera, pertsona horiek laguntza eta atentzioa behar baitituzte. Osasuna, bestalde, ez da gaixotasunik eza bakarrik, ongizate fisikoa, psikikoa eta soziala baizik; ondorioz, desgaitasuna duten pertsonek eta beren zaintzaile eta familiek ezin dute askotan ongizate fisikoa, psikikoa eta soziala lortu.

Iraganetik ikustea eta etorkizunari baikortasunez begiratzea da gakoa

Gure gizartean bizi itxaropena handitu egin da, eta adineko pertsonen proportzio handiagoa lortu da. Halere, bizi itxaropenaren igoerak ez dakar bizi kalitatean edo osasun onean irabazitako urteen antzeko igoerarik, gaixotasun kronikoen, hauskortasunaren, desgaitasunaren eta mendekotasunaren hazkundearekin lotu baita. Biztanleriaren 'gain zahartzeak' berarekin dakar pertsona ahulagoak aurkitzeko aukera handiagoa izatea, baita gaitasun intrintsekoa eta adinari lotutako patologia kronikoak ere, eta horrekin batera, zaintza gehiago behar izatea.

Horrela, pertsona askorentzako, abendua, eta bereziki Gabonak, bakardade edo tristura sentimenduak areagotu ditzakeen hila bihurtzen da; gehienentzat poztasun, alaitasun eta lagunarteko hila den hori, klimatologiarekin bat eginda hotza eta iluna bihurtzen da.

Abendua urteko azkeneko hila da; urte bat bukatzen da eta beste bat hasten da. Urte bat gehiago bizi izan dugu eta urte bat gutxiago geratzen zaigu bizitzeko. Askorentzat garai berezia baldin bada ere, ez da iragan guztia ezabatzen duen berrabiatze magiko bat, urte aldaketa aldi baterako konbentzio bat besterik ez da. Horregatik, oraina bizitzea, iraganetik ikastea eta etorkizunari erabakitasunez eta baikortasunez begiratzea da gakoa.

Dena dela, eta sentitzen zaren moduan sentitzen zarela, Olentzerok edo Errege Magoek ekar dakizkizula zure ilusio, gogo eta itxaropen guztiak, eta 2024a izan dadila urte on bat guztiontzat.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide