Jose Ramon Aranbarrik urriko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Andramaixek'.

Aurtengo andramaixetako programako liburutxoaren kontrazalean honako lelo hau irakurri ahal izan da: Ondo pasa, pasatu gabe!

Abuztuaren 4an, goizen goiz, Azpeititik zetorren autobus bat hartu nuen. Bertan gazte asko zegoen. Azpeitiko festetatik gaupasa eginda zihoazela pentsatu nuen, baina eserleku batean zegoen neska gazte batek arreta piztu zidan; lo zetorren eguzkitako betaurrekoak jantzita, eta lepoan hiru txupoi zituen. Autobusa geratu zenean, jaitsi egin zen eta balantzaka ikusi nuen; ez dakit ondo edo gaizki pasatu zuen, baina garbi daukat pasatuta zegoela.

Abuztuaren hasieran lagun batek komentatu zidan festetan kanpora joatea pentsatzen ari zela; adierazi zidan bera bizi den kalea "calle sin ley" dela; asteburuero, eta noski, festetan are eta gehiago, kale horretan gizon-emakume gazteak, eta berak dioenez oso gazteak, ikusten ditu pixa, kaka edo botaka egiten, zarata eta buila ateratzen eta antzeko beste zenbait egoera pairatzen dituela. Kasu horietan ere ez dakit ondo edo gaizki pasatuko duten gazteek, baina pasatuta behintzat pasatzen dutela dirudi.

Andramaixek eta, orokorrean, herriko festak gazteei bideratuta daude. Adin bat daukagunok festak beste era batera bizitzen ditugu, eta zergatik ez, baita distantzia batekin ere. Festek ez daukate zerikusirik gazteak garenean edo behin adin bat daukagunean; eta tamalez, gure gazte garaian egiten genuan bezalaxe –ezinezkoa ukatzea–, festetan ondo pasatzea alkoholarekin edo beste droga batzuekin lotzen dugu gaur egun ere.

Gaztetan, festak gozatu eta disfrutatu egiten ditugu gauez, eta ez gara ohartzen egunez festarik dagoen edo ez; bost egunez gautxoriak bihurtzen gara, eta alkoholarekin lotzen dugu gauez gozatzea; alkohola droga bat da eta badirudi gizakiok, gure kulturan behintzat, ez daukagula gaitasunik drogarik gabe ondo pasatzeko. Edozein festa, otordu edo ospakizun alkoholarekin lotzen dugu.

Ez dakit ondo edo gaizki pasatuko duten gazteek, baina pasatuta pasatzen dutela dirudi

Espainian Bigarren Hezkuntzan drogen erabilerari buruz 2021ean egin zuten Estudes inkestaren emaitzek diotenez, gazteak batez beste 14 urterekin hasten dira alkohola edaten, eta urtebete geroago, astero edaten dute. Alkoholarekin, gure alderdi kritikoa itzali egiten da, gure inhibizioak desagertu egiten dira, ez dugu hitzen eta ekintzen ondorioetan pentsatzen, mugimendu trebetasunak galtzen dira eta biharamunean izugarrizko ajea izaten dugu. Alkohola, osasunerako oso kaltegarria den arren, kulturalki zuritu dugun droga toxiko bat da, eta alkohola kontsumitzea ohitura bihurtzen denean, arriskutsua izan daiteke; izan ere, alkoholismoaren lehen urratsa izan daiteke, are gehiago haur eta nerabeen kasuan, haiek garuneko egiturak oraindik ez dituztelako erabat garatuta. Alkoholak gorputzari eragiten dizkion kalteak handiak dira, eta horrez gain, nerabeetan alkohola nahi gabeko haurdunaldiaren eta sexu transmisiozko infekzioen faktore garrantzitsuenetako bat da. Gainera, alkoholaren eskuragarritasuna erabakigarria da suizidioen eta suizidio saiakeretan.

Uste dut gazteak garenean ez dakigula ondo pasatzen pasatu gabe, eta bizitza aurrera doan heinean eta urte batzuk ditugunean, gautxori izateari uzte diogunean, ikasten dugula pasatu gabe ondo pasatzen.