Kuadrilla afariak

Erabiltzailearen aurpegia Jose Ramon Aranbarri 2023ko api. 9a, 16:16

Jose Ramon Aranbarrik martxoko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Kuadrilla afariak'.

Duela urte asko hasi ginen hileko azken ostiraletan kuadrillako afaria egiten. Lagunok 1961. eta 1965. urteen artean jaiotakoak gara. Beraz, urte batzuk baditugu, eta bakoitzak bere arloan, lan urte asko ere bai bizkarrean. Hori dela eta, azken boladan, jubilazioa izaten dugu hizketarako gaia. Badaude oraindik lanerako ilusioa eta gogoa mantentzen dutenak, baina baita emandakoa emanda dutela diotenak ere; beste batzuek, aldiz, nekatuta daudela diote, eta atsedenaldia behar dutela sentitzen dute.

Jubilazio hitzak judutar jatorria du. Moisesen Legean jasotzen zenenez, gizakiak 50 urte betetzean, aurretik lortu zuenaz gozatzeko aukera izango zuen. Horrela, gizakiak 50 urte betetzen zituen urteari Jubilazio Urtea deitzen zitzaion. Geroago, erromatarrek latinera moldatu zuten, eta latinezko iubilare (posez garrasitu) hitzean jaso zuten. Bere esangurak poza eta gozamena dira. Beraz, badirudi jubilatzen denak pozik egon beharko lukeela. Baina horrela al da?

Jubilazioa aurreikusten denean, planak egiten hasten gara: hasiera batean, oporrak izango bailiran ikusten dugu; bizitza luzea lanean eman ondoren, ondo merezitako etenaren ordua iritsi zaigu! Baina dena ez da hain erraza; denbora pasatu ahala, egunak luzeak egin daitezke. 40-45 urte pasatu dira eguneroko batekin, eta bat-batean, egun batetik bestera, bizimodu hori aldatu egin da: bizitzak gugandik tira egin du, eta orain guk tira behar diogu bizitzari. Prestatu al gara horretarako?

Jubilazioa iristen denean, batzuentzat zaila egiten da egoera horretara moldatzea

Gizarte bezala, gure denbora lanari lotu diogu. Lanean ari garen bitartean, lanak eguneko heren bat, edo gehiago, jaten du. Beste heren bat lo egiteko erabiltzen bada, gure gauzetarako beste heren bat geratzen zaigu. Jubilatu ondoren, berriz, bi heren edo gehiago geratzen zaizkigu gure gauzetarako –kontuan izanda adinarekin lo gutxiago eta okerrago egiten dugula–, denbora asko.

Horregatik, jubilatzeko ordua iristen denean, batzuentzat zaila izaten da egoera horretara moldatzea. Pertsona bat jubilatzen denean, denbora askeko ohitura izatera pasatzen da, eguneko 24 orduak bete behar ditu-eta ez badauka zer egitekorik. 24 orduak luze joan daitezke, eta buruko osasunean edo osasun fisikoan eragin dezake horrek. Medikuntzan egoera horri jubilatuen sindromea deitzen zaio, eta lo egin ezina, bihotzeko arazoak, hipertentsioa, antsietatea edo depresioa ager daiteke.

Jubilazioak, ekonomikoki, sozialki eta pertsonalki aldaketak dakartza, eta bizitza zein gizarte rol ezberdinak dituen egoera berri batera egokitzeko prozesu bat da garai hori. Beraz, jubilazioa ezin da hartu planik gabeko arbel zuri bat bezala, eta aurretik egin ezin izan ditugun gauzak egiteko aukera izan beharko genuke. Jubilazioa momentu konkretu batean suertatzen bada ere, bere eraginak luzeak dira, eta beraz, komenigarria da jubilazioa zein horrek dakarren denbora libreko kultura aurreikustea eta haren plangintza egitea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide