Bizi testamentua

Erabiltzailearen aurpegia Jose Ramon Aranbarri 2022ko eka. 28a, 08:59

Jose Ramon Aranbarrik maiatzeko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Bizi testamentua'.

Hitzek beraiek esaten duten bezala, aurretiazko borondatea prozesu bat da, non pertsonak, bereziki bere kabuz erabakitzeko gai ez den unerako, etorkizunean zer osasun zainketak jaso edo baztertu nahi dituen planifikatzen duen.

Aurretiazko borondateen dokumentua egiteko eskakizunak nabari egin du gora; Gipuzkoan soilik, Osasun Saileko Ikuskatzailetzetan mila bat dokumentu egiten ari dira urtean.

Bizi itxaropena munduko altuenetakoa da Euskadin, baina bizitza mugatua da. Bizi izaten ditugun hamarkadetan, poztasunak, alaitasunak eta tristurak izaten ditugu, baina denbora horretan ere jasango ditugu gaixotasuna eta heriotza. Gaixotasuna eta heriotza bizitzaren zatiak dira; ez dago bizitzarik gaixotasunik eta heriotzarik gabe, eta ez heriotzarik edo gaixotasunik bizitzarik gabe. Gero eta zaharrago hiltzen gara, baina horrek berarekin dakar gaitzak hartzeko aukera handiagoa izatea.

 

Bizitza bera nahi duen bezala kudeatzeko eskubidea dauka orok

 

Pertsona orok, bere bizitzako ikuspuntuetan eta pentsamoldeetan oinarrituta, bizitza bera nahi duen bezala kudeatzeko eskubidea dauka; ondorioz, aurretiazko borondateak, oinarri horiek ardatz hartuta, hausnarketa eta informazio prozesu baten parte dira. Prozesu horretan, pertsonak etorkizunean jaso edo baztertu nahi dituen osasun jarduerak planifikatzen ditu, bereziki bere kabuz erabakitzeko gai ez den unerako. Prozesu horri esker, gaixotasunari eta heriotzari aurre egiteko modua eta bere buruarentzat egokitzat jotzen duena kudeatzeko aukera dauka, hertsapenik gabe eta behar bezala informatuta.

Gaixo batek aurretiazko borondateen dokumentua eginda edukitzeak erraz ditzake osasun profesionalek hartu behar dituzten erabakiak. Era berean, medikuntza praktika on bat helarazteko behar-beharrezko tresna dela diot, kontuan izanda pazienteek beren zainketa planetan parte hartzeko eskubidea dutela eta osasun arloko profesionalek parte hartze hori bermatzeko erantzukizun profesionala eta legala dutela. Bestalde, dokumentu horren bidez, senideei gure ordez erabakitzearen mina aurrezten eta sinesmenen arteko desberdintasunak uxatzen dizkiegu, eta gure ordua iristen ari den azken une horietan, familian izaten diren emozioen intentsitateak, iritzi subjektiboak eta abarrek sor ditzaketen gatazkak saihesteko balio du.

Ondorioz, aurretiazko borondateen dokumentua gida oso baliagarria da osasun arloko profesionalentzat, guretzat zein ingurukoentzat. Izan ere, bizitzaren amaierarako autonomia errespetatzea norberaren eskubidea da, eta inork ez dakigunez etorkizunak zer dakarkigun, badaezpada ere bizi testamentua eginda edukitzea komenigarria da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide