Eta orain, zer?

Erabiltzailearen aurpegia Jose Ramon Aranbarri 2021ko abe. 9a, 08:39

Joxe Ramon Aranbarrik azaroko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Eta orain, zer?'.

2021eko urriaren 7an, 39/2021 dekretuaren bidez, Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdia desaktibatu eta LABI desegin zuen. Eta orain, zer?

Ia 19 hilabete hauetan, organismo mikroskopiko batek gure bizitzak baldintzatu ditu, eta zein ahul eta kaltebera garen erakutsi digu. Azkoitian, urriaren 7ra arte, SARS-Cov-2ak 1.783 azkoitiar kutsatu ditu, biztanleriaren %14,87, hain zuzen, eta horietatik hamarrek bizitza galdu dute. 19 hilabete hauek zama eta gabezia handiko denbora luze bat izan dira denontzako, eta mikroorganismo horrek ohituta geundenaz bestelako portaerak eragin dizkigu.

Tamalez, Euskadin 450.000 pertsona, batez beste, daude COVID- 19aren aurkako txertoa hartu gabe; horien artean txertoa onartu gabe duten 12 urtetik beherakoak eta txertatu nahi izan ez duten 20 eta 39 urte bitarteko jende multzoak daude, eta hori arazo bat izan daiteke. Baina baditugu itxaropenerako arrazoiak: Euskadiko 12 urtetik gorako biztanleriaren %90 inguru txertatuta gaude, eta datu epidemiologikoek pandemiaren okerrena dagoeneko pasatu dela esaten digute.

Normaltasunera itzuliko gara, baina aldi batean behintzat, aldaketak ere izango ditugu

Baina zuhurrak izaten jarraitu behar dugu. 19 hilabete hauetan jasan ditugu neurri murriztaile gehienak desagertzen joango dira, eta pixkanaka, 2020ko martxoaren 14a baino lehen bizi genuen normaltasunera itzuliko gara. Baina, aldi batean behintzat, luzaroan uste dut, aldaketak ere izango ditugu, osasun arloan, batez ere. Izan ere, pandemia guztiek aldaketak dakartzate eta oraingo hau ez da salbuespena izango. Pandemia baten erruz edo ondorioz, eskularruak hasi ziren odol-erauzketetan erabiltzen, eta pandemia honetan, geratzeko etorri den elementu bat agertu da: maskara. Uste dut lehen exotikotzat ikusten genuen asiatarraren maskara erabiltzea ez dugula hain exotiko ikusiko eta denbora asko igaroko dela esparru itxi batera edo osasun zentro batera hura gabe sartzeko. Orain arte, osasunaren arloan batez ere ebakuntza-geletan lan egiten zuten sendagile eta erizainek erabiltzen zituzten maskarak; hemendik aurrera, zalantzarik ez dut osasun zentro bat zapaltzen dugun guztiok maskara erabili beharko dugula, ikusi baita oso tresna erabilgarria dela arnas kutsadurak saihesteko.

Honela hasten den irrati programa bat dago: tunela erabateko iluntasunean dagoenean, bakarrik itzul daiteke argia berriro. Egungo pandemiaren erabateko iluntasuna gainditu dugula eta tunelaren amaieran argia ikusten ari garela uste dut. Baina bizi izan duguna bizita, behar bezain zuhurrak eta helduak izan beharko genuke, argi honek liluratu ez gaitzan, normaltasunera itzultzearen pozak ez baikaitu zuhurtziaren zentzu arduratsua galtzera eman behar, koronabirusa gure artean geratzeko etorri baita.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide