Ona ez, zatarra eta gaiztoa bai

Erabiltzailearen aurpegia Juan Ramon Alberdi Ibarmia 2023ko abu. 3a, 15:26
Indioen irudi bat. (Pixabay)

Juan Ramon Alberdik uztaileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: Ona ez, zatarra eta gaiztoa bai.

Denok izaten ditugu aitortzen zailak diren gustuak edo zaletasunak. Batzuetan, afizio hori ez delako oso ohikoa gizartean; beste batzuetan, aldiz, ustez gaindituta ditugun zenbait pentsaera edo mundu ikuskera gogorarazten dizkigulako. Nik esango nuke azkenengoaren ildotik datorkidala ahalketzen nauen ekarritasuna, ezen konfesatu beharra daukat: gustukoak ditut western filmak. Afizio hori haurtzaroan atxiki zitzaidan, nolabait lagunarteko jolasak, txori habia bila aritzeak edo txokolate ogitartekoaren gisan, bakeroen eta indioen filmek ere ezinbesteko lekua zutelako gure umezaroan. Iragan mendeko 60ko hamarkadan, etxean telebistarik ez genuenez, larunbat arratsaldeetan tabernatik tabernara haur andana ibiltzen ginen telebistaz ematen zuten bakeroen pelikula ikusi nahian, eta batetik bidaltzen gintuztenean, hurrengora joaten ginen pelikula jarraitu ahal izateko. Eta igande arratsaldetan, zineman ere ildo bereko filmez gozatzen genuen.

Ez dakit, agian haurtzaroko eremu idilikoaren oroimena gogorarazten duen sekuentzia bat baino ez da izango afizio hori: galdutako Arkadia moduko bat. Apika, paisaia ikusgarriek eta bukolikoek sortua, edo zaldien trosta hots zalapartatsuek biztutako arretaren ondorioa. Auskalo. Dakidana da, orain ez ditudala ikusten haurtzaroan, eta akaso geroxeago ere barneratzen nituen gisan, baizik eta oso era ezberdinean. Esan daiteke, film horiek txiki-txikitatik barnarazi ziguten mundu ikuskerak eta gizarte ereduak pozoi baten gisara funtzionatu zuela, eta funtzionatzen duela, pentsamendu eta ideologia zehatz batzuen mesedetan. Eta euskara batuaren arauak errespetatzen ez dituzten testuen akatsak aurkituz euskara batua landu daitekeen gisara, pelikula horietan hautematen dudan ideologia arkaikoa analizatzen ahaleginduz igarotzen dut orain denbora. Eta ideologia hori da, hain zuzen ere, haurtzarotik barnarazi digutena. Izan ere, emakumeekiko gutxiespenean, gizonen maskulinitatean, edo gizartean "onak" eta "txarrak" bereizten dituen muturreko asimetrian heziak izan gara.

Emakumeei dagokienez, beti agertzen da neskaren bat film horietan, zeina protagonistarekin maitemintzen den, nolabait genero bitarraren eta heterosexualaren aukera bakarra eszenifikatuz. Gainera, emakumearena genero ahul gisa irudikatzen da, beti gizonen esanetara eta gurarira makurtua. Hitz gutxitan esanda, sexurako objektu eta zaintzarako subjektu bilakatua.

Gizonen kasuan, maskulinitatea bere gordintasun garratzenean ageri da. Indarra, ausardia, bipiltasuna ezinbesteko ezaugarriak bilakatzen dira "behar bezalako gizona" izateko. Arerioei, muturrekoa; lagunei, indar erakustaldia; emakumeei, derrigorrezko musua, eta utziko ez balu, belarrondokoa. Noski, eszenario horretan ez da "erdizkako" gizonik ametitzen, eta koldarkeria edo ahuldadea iseka bide izaten dira. Homosexualitatea, ostera, dagoenik eta krimen handiena baino zitalagotzat jotzen denez, aipaezina da.

Onaren eta txarraren arteko muga, berriz, oso nabarmena da. Esaterako, banakako pertsonaiekin: protagonista (mutil ona) eta arerioa (mutil txarra); edo taldeak bereiziz: ejertzitoa eta indioak, bakeroak eta abere lapurrak. Alabaina, ontzat hartzen denak irabazten du beti, eta gainera, txartzat jo denarekiko halako gorroto zitala sentiarazten dute.

Errealitatearekin alderatuz gero, film horietan agertzen denak gaurkotasun gehiegi du. Emakumeetan, eraso sexistak, derrigorrezko zaintzaren itzala eta tratu txarrak. Gizonetan, lehiakortasuna, maskulinizazioa eta homofobia. Gizartean, eraso beharreko herrialde txarrak eta haiei erasoko dieten herrialde onak (AEBak kasu). Mende erdi luzea ez da alferrik igaro, baina tiroek toki bertsutik dihardute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide