Egur-aldia

Erabiltzailearen aurpegia Juan Ramon Alberdi Ibarmia 2022ko abe. 21a, 09:00

Juan Ramon Alberdik azaroko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Egur-aldia'.

Datu klimatologikoek diotenez, 2022ko uda neurketa klimatologikoak egiten diren geroztik historiako beroena izan da. Eta euri emaria kontuan hartuz gero, lehorrenetakoa. Bazter guztiak gorritu dira eta ibaiak erabat txikitu, errekastoak urritu eta iturri asko agortu. Gainera, suteek izugarriko kalteak eragin dituzte landetan eta basoetan, non zuhaitzekin batera, horien anparoan bizi den fauna eta biodibertsitatea ere suntsitu den. Horrek guztiak arazo ekologiko larriak sorrarazteaz gain, eragozpen handiak ekarri dizkie naturarekin lotura zuzena duten lanbideei, hala nola nekazaritzari eta abeltzaintzari.

Bestalde, eguraldi bero hark sufrikario handia sorrarazi zuen: egunez itogarria eta gauez jasanezina. Eta eragozpen horrek, pertsonaren ezaugarriek eragindako salbuespenak salbu, era bertsuan eragin zion populazio osoari. Horregatik, eguraldiaren gaia solasaldi askoren osagarri izan ohi den arren, orduan ezinbestekoa bilakatu zen. Geure buruari, gertukoari, ingurukoari: "Bero hau ezin daiteke jasan!", esaten genion, eta bakoitzak ahal zuen moduan egiten zion aurre. Alabaina, beroaldi larrienak igarotakoan ahantzi egiten zitzaigun muturreko egoera hark suposatzen zuen tragedia, eta aisialdirako probesten genuen eguraldi "onaren" aukera. Iturritik urak irteten duen bitartean, igerilekuak irekita jarraitzen duten artean, edo itsasora gerturatzeko beta izanez gero, dibertimenduaren ateek zabalik dihardute.

Aspaldiko esaldiak dioen gisan, "ez dago feria txarrik denentzako", eta batzuentzat galera ekartzen duen zirkunstantziak besteentzako onurak sorrarazten ditu. Horregatik, landa eremuan ur eskasiak eragindako larritasuna ikaragarria izan arren, aisialdirako prestatuta dagoen hainbat negoziorentzat eguraldi lehorra paregabea da. Ildo horretan, "eguraldi txarrari aurpegi alaia" esaldia beti euriarekin lotzen dugun arren, aurtengo udararen kasuan, eguraldi lehorrarekin erlazionatzeko moduan gaudela esan dezakegu. Ezen, klima aldaketak ekarriko dizkigun kalteak jadanik nozitzen hasita gauden arren, beti aurkitzen dugu zirrikituren bat momentuko onura edo probetxua ateratzeko.

Halaber, maiz aipatzen dugu, eguraldiaren kontrola gizakion esku balego, bere kudeaketak beste ezerk baino guda larriagoak sorraraziko lituzkeela; eta ziur aski, egia izango da. Nahiz eta klimaren aldaketan eragin zuzena dugun, momentuz bederen, ezin dugu eguraldia kontrolatu. Alabaina, badugu kontrol horretara gehien gerturatzen den estrategia bat: eguraldiaren iragarpena. Eta iragarpen horretaz baliatzen gara etorkizunean egiteko ditugun gauza ororen oinarriak finkatzeko: arropa, lana, kirola, aisia. Eguraldia ezin dugu aukeratu, baina bai aurreikusi, eta iragarpen horri diogun fedearen menpekotasuna erabatekoa da. Are gehiago, hain jainkotuta ditugu eguraldiaren iragartzaileak, non aurreikusitako eguraldia egin ezean, hutsegitea eguraldiaren errutzat hartzen dugun.

Eguraldi iragarpen horiek era askotara iristen zaizkigu. Batzuek, prentsa edo Internet kasu, nahiko inpertsonalak dira: marrazki eta datu batzuen bidez jarritako zazpi edo hamalau eguneko aurreikuspenak. Pertsonalagoak direnetan, irratikoei izen-abizenak eta ahotsa jartzen dizkiegu; eta telebistakoei, baita aurpegia ere. Kasu hauetan, iragarpenak motzagoak izaten dira, zehatzagoak; eta harritzekoa bada ere, iragarleak batzuetan desenkusatu egiten dira komenigarria litzatekeen eguraldia ezin dutelako iragarri.

Horra hor, etorkizuna iragarri arren aldatu ezin duen "Jainko ttipiaren" arrangura. Hala ere, beti izango ditu gabezia horrek eragin ditzakeen akatsak probesteko prest dauden akolitoak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide