Ulertu

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Epelde 2023ko abe. 25a, 13:46

Joseba Epeldek abenduko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa: 'Ulertu'.

Inoiz egokitu izan zait psikologia apurren bat ikasi behar izatea, eta unean uneko irakasleek edo pentsalariek nerabezaroa aztertzen zutenean, beti edo ia beti jartzen zuten azpimarra zailtasunetan, gatazketan, krisialdietan... Litekeena da horiexek izatea nerabeen ezaugarriak gurasoen edo helduen ikuspegitik; nik neuk nerabezaroaz dudan oroimena dezente argitsuagoa da, adibidez, haurtzaroaz dudana baino. Nolabait esateko, haurtzaroak Erdi Aroko iluntasuna eta beldurra ekartzen dizkit gogora, eta nerabezaroak, berriz, Errenazimentuko arrazoimenaren susperraldia. Alderaketa horretan, jakina, zeresan handia du inguruan dagoena eta gertatzen dena argudioetan oinarrituta ulertzeko ahalmenak.

Gaur egun ere mundua eta geure burua ulertzea da, beharbada, plazer –eta askatasun– iturri nagusietako bat gizakion bizimoduan; ez ulertzea, berriz, hainbaten frustrazio iturri izateaz gain, okerreko erabakien eta iruzurren oinarrian egon ohi da sarritan. Ez dugu nahi adina ulertzen ez ekonomiaz, ez zuzenbideaz, ez osasunaz, ez etxera iristen zaizkigun fakturen nondik norakoez, eta zenbaitetan iruditzen zaigu ez dela ulermenerako ditugun gaitasunen mugengatik, zenbaiti testuen eta gaien iluntasunak ekartzen dizkien onurengatik baino.

Beraz, ez dakit behar adinako garrantzia ematen diogun gure hezkuntza sistemetan irakurritakoa ulertzeari, betiere onartuta, beste esparru askotan bezala, ulermenean ere mailak daudela, guztia ez baita bat-zero edo zuri-beltz joko binarioetara mugatzen, zorionez. Nirekin lan egin zuen matematikako irakasle batek esan ohi zuen ikasleen arazorik larriena irakurtzen ez jakitea dela, nahikoa delako irakurritakoa ondo ulertzea ikasleei jarri ohi zaizkien problema gehienak ebazteko. Eta horrek matematikan balio badu, zer esan beste arlo batzuei buruz.

Alabaina, lehen aipatu dudan moduan, ulermenaren ageriko edo ezkutuko etsaien garrantzia berebizikoa da gure egunerokoan. Beste onura batzuen artean, ulertzeak ahalduntzea baitakar berekin, eta ahalduntzeak, edozeri eta edozeini aurrez aurre berdintasunean begiratzeko aukera. Baina era guztietako hierarkiak maite dituen gizarte batean hori ez da, noski, denen gustuko, askoz errazagoa baita ulertzen ez duen jendea engainatzea eta bideratzea, eta pertsona horiekiko mendekotasun erlazioei eustea.

Beharbada, testu idatzietan nabarmentzen dira gehienbat ulermenaren arerioak. Adibidez, asko dira ilun idazteko sekulako trebezia garatu eta, lotsatu beharrean, horrekin lotutako nolabaiteko esnobismo intelektual elitistari propio eusten diotenak. Ohiko samarra izaten da horrelakoen jarraitzaileek talde sektarioak eratzea eta haien jerga partekatzen edo ulertzen ez duten arrotzei edo fedegabeei goitik behera ia mespretxuz begiratzea. Filosofian zertxobait murgildu garenok badakigu zerbait horretaz, ustezko sakontasunez mozorrotutako hainbat iruzurtiren habia baita espekulazioaren diziplina deritzona.

Nik gero eta gehiago maite ditut ustezko gailentasun hori bazter utzi eta argi idazten ahalegintzen diren era guztietako adituak. Schopenhauer har daiteke adibidetzat. Gogor idatzi zuen ekarpenak egiteko gabezia sasijakinduriaren eta diskurtsoaren lausotasunaren pean ezkutatzen zuten intelektualen aurka, eta gauza askotan harekin ados ez nagoen arren, horretarako aukera ematen dit, behinik behin. Badugu non ikasi ezer asko esan gabe geuk ehundutako labirintoetan galtzen garen era guztietako testugileok.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide